2017/12/26

"Bizitzak buelta asko ematen ditu, bai, baina guk taula gainean sentitzen duguna gurea da"

Bizitza ezin da eramangarria izan benetako zaletasunak baztertuta. 2012an atsedena hartu zuen Azpeitiko Legen Beltza thrash metal bandak. Hamabost urte inguruko ibilbidea bete, lau disko atera eta estatuko azken thrash loraldiaren parte izan ondoren. Arnasa behar zutela ikusi zuten, bizitzaren beste pasarteei lekua eskaini. Erabaki gogorra izan zen, baina beharrezkoa. 2016ko apirilaren 30ean taula gainera itzuli ziren, beraien herrian. Orduko sentsazio onak jarraipena izan du, eta beste hainbat kontzertu eskaini dituzte. Gehiago ere etorriko dira. Xanti Rodriguez abeslari, baxu jotzaile eta maderfakerz jaunarekin hitz egin dugu.

Need to Suffer laugarren diskoa 2010ean atera ondoren, eten luzea egitea erabaki zenuten. Zergatik?

Gauza asko izan ziren, nekea, nahi desberdinak, ... Iban garai hartan Alemaniara joan zen bizitzera, eta egia esan, ez zuen bere aldetik oztoporik jarri kontzertuak eskaintzeko. Etortzeko prest zegoen behar zen guztietan. Dena dela, nekatuta geunden eta gure artean arnasa behar genuen.

Ibanek bateria jotzen segitu zuen Alemanian. Ekaitzek, berriz, Extinction taldea sortu eta The Great Wound bandarekin bat egin zuen. Azkue eta zu non sartu zineten?

Aita izan ginen bitarte horretan Azkue eta biok. Ederra izan zen guretzat, noski. Halere, ez genuen sekula utzi gure afizioa, eta taula gainera itzultzeko gogoa izan genuenean bertsio talde bat osatu genuen. Bi kontzertu bakarrik eskaini genituen, baina ez genuen gehiago behar.

Familia, lana eta musika uztartzea zail bihurtzen da maiz. Nolakoa izan da bizitzaren pasarte hori?

Pertsonalki eta profesionalki asko hazi naiz tarte honetan. Alde horretatik pasarte polita izan da, baina nire barrenean musikaren goseak irauten zuen eta pena ere sortzen du horrek. Batez ere ikusterakoan beste talde batzuk nola egin duten aurrera eta Legen Beltzak ez.

Metalhika bertsio taldean elkartu zineten Edorta, Azkue eta zu. Esperientzia polita, ezta?

Hirurok Josu Garate Iratxorekin batera Metallicaren bertsio taldea sortu genuen. Oso ondo pasa genuen eta kontzertuak izugarrizko arrakasta izan zuten.

Legen Beltza Tolosako Bonberenean, zuzenean.

Aldiz, nola sortu zen Legen Beltza taula gainera itzultzeko aukera?

Kasualitatez. Azpeitian egun mitiko bat antolatu zuten utzita zeuden herriko talde desberdinak berreskuratzeko egun batez. Segabathor, Fundiziyue, Jotakie, ... eta baita Legen Beltza ere. Guretzako ere Ekaitzekin berriz ere parranda bat botatzeko aukera zen, eta ez genuen aurrera begirako asmo berezirik.

Nolakoa izan zen entsegu lokalean elkartzearena?

Latza, ikaragarria eta harrigarria. Kantak jotzen hasi ginen eta... “Ostia! Emateik aurreko astien ensaiau giñeaka azkeneko aldiz!”. Hori esan genuen, Legen Beltzaren abestiak barruan genituen, eta ez zitzaigun batere kostatu.

Zer sentitu zenuten Sanagustin kulturgunean eskainitako kontzertu hartan?

Gure tokia hori zela. Bizitzak buelta asko ematen ditu, bai, baina guk taula gainean sentitzen duguna gurea da, eta hori ez dago diruarekin ordaintzerik. Gainera, urteetan gure kontzertuetara agertutako lagun desberdinak berriz ikusletzat izatea ikaragarria da.

Gustura gelditu zineten, eta horrela kontzertu gehiago etorri ziren. Gainera, Edorta eta Iban bateria jotzaileak tartekatu dituzue. Zergatik erabaki zenuten horrela egitea?

Oso gustura geratu ginen, bai. Uste dut oreka topatu genuela, eta jendeak gustura hartu du itzulera. Baterien kontuari dagokionez, egia esan, biak dira Legen Beltzako kideak, eta biek dute gogoa gure zuzenekoetan egurra emateko. Ibanek ezin izango du kontzertu batzuetara etorri, Alemanian bizi da eta talde gehiagotan jotzen du. Halere, Edorta hemen dugu egurra emateko desiratzen, beraz, in your face!

Legen Beltza Tolosako Bonberenea antzokian kontzertua eskaini ostean.

Laukote baino, boskote gisara zabiltzate zuzenekoetan. Nola bizi duzue zuzenekoen aro berri hau?

Oso ondo. Kanta ahaztuak jotzeko aukera dugu, Legen Beltzaren partaide guztiak batera egoteko aukera ere. Latza da, edozer gauzaren gainetik lagunak gara eta hori zulora joan arte horrela izango da.

Dimension Of Pain diskoa atera ondoren jauzi serioa emateko aukera izan zenuten. Estatuan thrash belaunaldi moduko bat eman zen, eta tartean zen ere Angelus Apatrida taldea. Garai hartan tren bat pasatzen utzi zenuten?

Baliteke gauzak beste era batera egin izan bagenitu orain arrakasta gehiago izango genuela. Kontua da Total Insanity bilduma ateratzeko Frontline eta El Diablo musika enpresek guregan apustua egin zutela. Kontzertu asko jotzeko eskatu ziguten. Ordea, lana eta bestelako gauzak zirela eta ezin izan genion apustuari eutsi. Bai, tren hura pasa zen.

Albaceteko thrash bandak gogor jo zuen bigarren diskotik aurrera, eta aitortu behar da gure inguruan zuei esker izan dutela oihartzuna. Harreman ona eta berezia duzue beraiekin. Pozgarria iruditzen zaizue lortu dutena?

Bai, gure anaiak dira. Eskutik joan ginen kontzertu eta toki askotara, eta asko ikasi genuen elkarrekin. Adibidez, oso berezia izan zen guretzat aurten Kafe Antzokian eskainitako kontzertua. Beraiekin batera jo genuen, berriz ere, eta beraien esker oneko hitzak entzun genituen. Beti dituzte hitz onak guretzat, eta horrek asko balio du.

Eszenaren parte izatetik, aparte geratu zineten. Horrela ere, gaur egun Euskal Herrian jorratzen den metala jarraitzen duzue?

Bai, nik metala asko jarraitzen dut. Euskal Herrian une honetan dauden talde interesgarrienak Hilotz, Elbereth eta Ankhar dira. Nik uste dut Legen Beltzaren kide onak direla, eta egurra ederki banatzen dute kabroiek!

Bosgarren diskorik egongo al da zuen diskografian, edo gutxienez kantu berriren bat?

Galdera ona! Ez dakigu (barrezka). Egia esan ez dugu horri buruz hitz egin. Oraingo zaila ikusten dut, baina nork daki. Ez da gogo faltagatik izango. Gainera, orain, Ekaitzek Black Storm estudio bikaina muntatu du, eta leku ezin hobea izango litzateke horretarako. Baina urrutik ikusten dut. Kanta bat grabatzea errazagoa izango da

Kontzertu berri bat, gutxienez, eskainiko duzue. Apirilean izango da, ezta?

Bai, eta momentu honetan beste hiru eskaintza ditugu mahai-gainean. 2018an ere ematen duenez egurra banatu beharko dugu. Oreka paregabea dugu orain, eta horrela urteak bete ditzakegu.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak