Udazkenaren atarian, Oarsoaldeko Hostoak post metal taldea ezin aproposagoa da. Arbolatik jausi ordez, haizeak lau haizetara hedatu ditzan. Ostera bigarren diskoarekin zeharo irauli dute abiapuntua, eta bigarren urratsean metal doinu pisutsuetara lerratu dira. Pisuzko arrazoirik bada, ordea, plazaratu dutena entzuteko. Baita ere, izan duten bilakaeraren berri izateko. Olmo Cascallar musikariari jarriko galderen erantzunak topatuko dituzue segidan.
Hainbat adiera ditu ostera hitzak. Zein da aukeratu duzuena?
Txango edo bidaiaren adiera ere badu, “berriz ere” hemen gaudela esateko, eta taldeak "hemendik aurrera/gerora" zer egingo duen azaltzeko erabili dugu ostera hitza. Taldearen izena bera zein izango ote zen aztertzen ari ginela, konturatu ginen lehendik ibilia ginen taldeen izenak batuta, Hostoak eta Gamora, Ostera atera zitekeela. Hitzak duen sonoritatea eta mezua gustatu zitzaizkigun, eta taldearen izena argi izan gabe, diskoaren izena finkatu genuen [barrez].
Hostoak erori ostean sortzen den orbelaren parekoa da aurkeztu duzuen bigarren diskoa. Gordinagoa, bestelako lokatzetan zapaldua, eta izaera esperimentala mantentzen duena. Bilakaera naturala izan da edo halabeharrezkoa?
Konposizio aldetik, beti saiatu naiz entzutea gustuko nukeen musika egiten, guk entzun eta azken finean, pairatu beharko ditugulako abestiok gehien. Beraz, hobe gustuko zeozer egitea. Eta alde horretatik, ADN musikalean txertatutako eraginak betikoak dira, gutxi gora behera, baina esango nuke beraien arteko oreka aldatu dugula. Oraingoan, musikan argia badago ere, Live In Iturriotz lanarekin alderatuta, disko askoz ere ilunagoa eta pisutsuagoa da, nahiz eta biak nahiko esperimentalak izan.
Julenek bateria jotzeak eragin handia izan du, abestien lanketan denek ekarpena egin arren, konposatzaile nagusiak biak baikara. Berak ez zuen lehen jorratutako ildo musikalaren jarraipena egitea berea bezala sentitzen, eta horiek horrela, ia konposatua nuen aurreko diskoaren jarraipena apalean gorde, eta abestia berriak lantzen hasi ginen lokalean. Tartean, nik ere nire berezko modeloa, zortzi sokako gitarra, garatu nuen Rui Silva Guitars markarekin, eta horrek soinu aldetik ildo berri bat markatu zuen, Ostera diskoan entzungai duzuena.
Zu zara sortzailea eta gidaria. Aldiz, bidelagunak aldatu dira, bat izan ezik. Laukote honek plazaratu zezakeena da Ostera?
Aipatu moduan, behin Julenek eta biok lokalean hasita batu zitzaizkigun Niko [Yurramendi] baxuan eta Ekaitz [B. Azpeitia] abeslari gisa. Ekaitz lehendik ibilia zen gurekin, gitarrarekin eta ahotsarekin. Oraingoan, soilik abeslari gisa dihardu. Hitzak bion artean egin ditugu. Plazaratu genezakeena baino, plazaratu nahi izan duguna izateko zortea izan dugu. Lokaleko lanean ordu ugari pasatu ditugu, abestiak zein hitzak eta mezuak aztertzen, gerora grabatuko genuen lanean damurik izan ez zedin. Su motelean egindako lana da [barrez]. Tartean, izandako eztabaida semantiko zein musikalek pena merezi izan dutela uste dugu.
Diskoa kaleratuta, zein da utzi dizuen arrastoa?
Gazi-gozoa. Batetik, oso gustura gaude egindako lanarekin. Autoekoizpen bat izanda, gaur egun disko bat fisikoki eta digitalki, ondo saretzeko egin beharreko lana ikaragarria da, eta gehiago gure moduan zazpi bideo ekoitzi nahi badituzu. Hala eta guztiz ere, taxuzko (hitza gorroto badugu ere) "produktua" dugu esku artean, eta munduari, ondo ulertutako harrotasun puntu batez erakusteko modukoa, gure ustez.
Baina errealitatea da ehunka edo milaka argitalpen dituen merkatu baten aurrean gaudela, musikarena. Gainera, gaur egun, makroaren errealitatea ere hor dago. Beteko zaizkigu futbol zelai eta plaza ikaragarriak, Sold out-aren (in)kultura. Baina zirkuitu komertzialetik at dabiltzan areto zein gaztetxe askotan, betikoek urte luzez lanean dihardute oinarrizko kultura aurrera ateratzeko, askotan musu-truk, eta zalegoa hurbildu ez...
Bestetik, gurea oso entzule zehatzentzako ote... Aurrekoan Andoni Ollokiegi musikariarekin berriketan, esan nionean metala euskaraz jorratzen genuela, irribarre batez erantzun zidan “nitxoaren nitxoa” ginela [barrez]. Zalego zabalago batetara iristeko, Instagrameko hashtag egokiarekin ea asmatzen dugun!
Eta entzuleei utzitakoa?
Harrera oso ona izan dugu. Tartean, entzule asko nola ez, musikariak ere badira, eta eskaintzaren originaltasuna, kalitatea eta mezua gustuko dutela azpimarratu digute. Djent ildoko soinuak euskaraz jorratzen aitzindariak ote? Jendeak haize freskoa, berrikuntza eskertu du. Azken finean, 1990eko hamarkadako euskarazko rock astuna eta metala aldarrikatu nahi izan ditugu, baina gaurkotuta. Horrela, entzule askorekin bat egin dugu, beraiek ere sumatzen zutelako hutsune edo gabezia hori.
Egia esan, estreinako lanetik bigarrenera iristeko zubi bat irudikatu daiteke. Albo batean, rock progresibo eta alternatiboa topako genuke, eta behin gurutzatuta, groove asko duen rock kutsuko post metala. Puntu batetik besterako zeharkaldiarekin ados zaudete?
Bai, noski. Zubi horretako edozein puntutan kokatuta, gustura izango ginateke, musika zale porrokatuak garen aldetik, hor daudelako gure talde kuttunenetakoak. Baina, auskalo, hurrengoan gorputzak deathcorea edo industriala egiteko eskatzen badigu, erne, ez diogu eta muzin egingo.
Zalego txikia izateak badu abantaila handi bat, ez dituzula behin eta berriz errepikatu behar abesti berdinak zuzenekoetan. Aurreko abestiak eskatu badizkigu baten batek ere, zaleek ulertzen dute oraingo abestiak bakarrik jotzea zuzenekoetan. Ez dugu Estepako Otsoa diskoko abestirik jotzen. Horretarako, 2016ra bidaiatu behar. Guk jo nahi duguna da gaur egun guk gustuko duguna. Alegia, Ostera. Aurrera begira... auskalo!
Ñabardura askoko lana da, ezertara mugatzen ez dena. Baita grabazioa ere. Zu zeu arduratu zara prozesu horretaz. Nolakoa izan da esperientzia, eta zer da bilatu duzuna?
Lehenik eta behin, eskerrik asko! Prozesuak bi atal izan ditu, hain zuzen ere, bi grabaketa egin ditugulako. Diskoko bateriak grabatu genituen Lezoko Txerrimuño baserrian, eta saio berdina probestu genuen zuzenean denok batera laneko zazpi abesti era gordinean islatzeko.
Behin zuzeneko abesti horiek landuta, erabaki nuen ahalik eta ekoizpen ukitu txikienak egitea, gerora nabaritu zedin aurretik eta gerora nola aldatzen diren abestiak behin estudioan landuta. Abiapuntu horretatik eta behin zuzenekoa itxita, hasi nintzen lanean nire estudioan grabatzen bateriak ez beste, beste instrumentu guztiak eta ahotsak. Soinuaren oinarria banuen ere, ia bi grabaketa zeharo desberdinak direla esan liteke. Esaterako, bateria ekoizpena zeharo desberdina baita batean eta bestean.
Zuk aipatutako ñabardurak disko osoan daude, film eta bestelako samplerrak, sokak, sinteak, ahots efektu bereziak... Tartean, 4 urteko alabarekin abesteko parada izan nuen, pentsa!
Asmoa izan da ostera hitzak duen beste esanahia, txangoarena lortzea. Entzumen bidaia, alegia. Entzulearen arreta geureganatzea, soinu trikimailu zein panorama berriak eskainiz abestietan eta diskoan zehar. Baina noski, abestiek propio behar duten protagonismoa deuseztatu gabe.
Diskoaren aurre ekoizpenean antzera, mimo eta tentu handiz egindako lana duzue, eta oso arraroa den gauza bat gertatu da. Taldeko kide guztiok %100ean gustura gaude ekoizpen aldetik egindako lanarekin.
Eraikitakoa erakusteko modus operandi berezia aukeratu zenuten. Estudioan grabatu arren, zuzenean eta elkarrekin jotzen grabaturiko ikus-entzunezkoak aurreratzen hasi zineten. Bideo horiek osagarri soilak baino gehiago dira?
Bideo horiek aukera ematen dute ulertzeko abestiek duten prozesua eta garapena. Bideotan dagoena da lokalean egindako lana, muina, nolabait ere, eta hortik abiatuta, estudioan geruza desberdinak gehitu dizkiogu, gero diskoan zein zuzenekoetan abestiok atontzeko, Ostera bilakatu arte. Zigor eta Lander Garro anaiei esker, erakusleiho txiki bat ireki diegu ikusleei eta entzuleei, laneko abesti batek duen eboluzio eta prozesua azaltzeko.
Atzera begira jarrita, Julen Lusarrek eta zuk Gamora taldean bat egin zenuten. Talde hura gustuko duenak estimatuko du Hostoak egun dena?
Gamorako konposatzaile bakarrak ginen, beraz oso erreza litzateke halakorik gertatzea, agian baten batek zahartu garela esan lezake [barrez]. Egungo Hostoak beste talde askoren ADNa badu ere, Gamorako eragina oso nabaria da.
Iraganeko kontua da ere Iñaki Altolagirre Matxet abeslari nekaezinarekin duzuen harremana. Harekin kolaborazioarekin, Jousilouli izan zenari keinutxoa egin diozue. Merezi zuen?
Ekaitz, Matxet eta hiruon arteko istorioa da. Kolaborazio bat ez, pare bat disko merezitu ditu! Klaseko kideak izan ginen duela 30 urte, pentsa! Harrezkero lagunak izateaz gain, taldekide ere izan gara, Anai Arrebak taldean. Bestetik, ni neu Jousilouliko beste kideekin batera aritu nintzen ere, Dirua taldean.
Desazkundea abestia lantzen ari ginela, behin leloa finkatuta, era naturalean bururatu eta burutu da kolaborazio hau, Jousiren abesti baten lelo bera zelaren aitzakian. Eta erne, besterik ez ote dugun eskuartean...
Bigarren urratsa agertokietara igo duzue dagoeneko, eta aurki dator beste aukera bat. Hau ere etxetik gertu, Pasai Donibanen, irailaren 27an. Matxeten herrian, hain zuzen ere. Gogotsu emanaldirako?
Bai, zeharo! Emanaldia gu geuk antolatu dugu elkarte gisa, eta irrikan gaude beste bi bandekin aritzeko. Eraso!-rekin jotzea beti da plazera, eta agur biran egonda, aitzakia ederra dugu elkar agurtzeko behar den moduan, oholtza gainean. Arima Sutanek iaz argitaratutako Oro ez da urre diskoa demasa ona iruditzen zait, eta horregatik deitu genien; nire etxean buelta asko eman dizkiogu diskoari.
Data horretatik harago, aurreikusita dituzue beste zuzeneko batzuk?
Zorionez, etenaldi bat egingo dugu emanaldi honen ostean, taldekide bat estreinakoz aita izango delako. Hurrengo urteko apirila-maiatzari begira, bi frontetan lanean jarraituko dugu. EP bat konposatzen ari gara dagoeneko, lauzpabost abestiez osatua, eta itzulera emanaldiak lotzeko harremanetan jarri gara promotore zein aretoekin. Edonola ere, jendeak Hostoak.eus webgunean izan dezake gure berri, eta baita sare sozialetan ere.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Zigor Garro.