
Euskal Herriko heavy metalgintzaren 2025eko uzta jaso dugu. Pasa den urtean egin moduan, abenduaren 31ra bitarteko datuak bildu ditugu. Beste behin ere, esanguratsua da burdin uzta.
373 talde daude indarrean: Araban 39, Bizkaian 159, Gipuzkoan 93, Nafarroan 56, Lapurdin 23 eta Nafarroa Beherean hiru. Soilik Gipuzkoan hazi da kopurua, gainerakoetan, berriz, jaitsi.
Argitalpenei dagokienez, 2025ean 78 lan kaleratu dira; 44 disko, 29 EP/Single, bi lan elkarbanatu, bilduma bat eta bi maketa. 2024an (87) baino gutxiago eta 2023an (74) baino gehiago.
Taldeek sareratu dituzten bideoklipak, berriz, 47 dira, eta hemen ikus ditzakezue.
Azkenik, Euskal Herrian egin diren kontzertu kopuru zehatza jakitea zaila den arren, gure aurreikuspenen arabera, 500 baino gehiago izan dira.
Webgunearen datuak
2025eko Herriko Burdina webguneko datuak ere jaso ditugu, eta bitxikeria bat gertatu da. 281 albiste argitaratu ditugu, iazko kopuru berbera. Horrez gain, zazpi podcast, hamaika kritika, sei elkarrizketa eta erreportaje bat plazaratu ditugu.
Bisitak neurtzen ez ditugun arren, badakigu kopurua egonkorra eta fidela dela. Sare sozialetan, berriz, hazkunde nabarmena izan dugu Instagram-en —Facebook/Meta eta X/Twitter gainbeheran daudenean—, eta Telegram kanalak erabiltzaile gehiago ditu.
Beraz, eskerrik asko, eta 2026an ere alboan nahi zaitugu metalzale!