2023/07/03

Alerta baxu jotzailerik gabe geratu da

Durangoko Alerta hardcore/metal bandak 25. urteurreneko kontzertu bira bukatu zuen duela aste batzuk. Gaur, berriz, taldekide bati agur esan diote. Izan ere, Aitor Marañon Txitxi baxu jotzaileak taldea utzi du 21 urteren ostean –argazkian, lehena da ezkerretik hasita–.

Hona hemen, bizkaitarrek sare sozialetan zabaldu duten oharra:

"Ez da hilabete bat ere bete Iruñeko Krawillean azken kontzertua eman genuenetik. Gau hori berezia izan zen, bira hunkigarri bati amaiera eman geniolako. Bira horretan, gure 25 urteko historia ospatu genuen. Ezin genuen imajinatu, gainera, gau hori gure baxu jotzailearen azken kontzertua izango zela. Bai, nahiz eta harrigarria izan Alerta taldeko kide guztientzat eta Txitxi berarentzat ere, taldea utziko duela iragartzeko prest gaude. Zorionez, ez ditugu taldekide aldaketa asko izan (25 urtean 3 besterik ez), eta, beraz, ez da batere erraza lerro hauek idaztea. 2002. urte inguruan, Aitor Alertako kide bihurtu zen, eta lau soken ardura bere gain hartu zuen, Kikek utzi ondoren. Eta, zoritxarrez, 21 urte geroago, Txitxik pauso bat eman behar du alde batera, bandarekin bateraezinak diren bizi proiektu berriak bilatzeko. Gure aldetik, esatea plazer handia izan dela zutaz, zure musikaz eta, batez ere, zure adiskidetasunaz gozatzea. Bihotz onekoa zarelako. Orain aktiboki ez bada ere, taldearen historia bizia zara eta Alertaren parte izaten jarraituko duzu. Kontzertuetan ikusiko dugu elkar, agertokiaren beste angelu batetik bada ere. Zorte on Txitxi, maite zaitugu!!!".

Gainerako lau kideak baxu jotzaile berri baten bila dabiltza. Hau da, Jabi (ahotsa), Sesi (gitarra), Beny (gitarra) eta Kantero (bateria). Era berean, hurrengo diskoa prestatzen jarraitzen dute, eta horren inguruko informazio gehiago laster iragarriko dute. Tú Decides el Final bosgarren lana 2019an argitaratu zuten.

Hurrengo kontzertuak