2022/12/13

Ancient Settlers bandak abeslari aldaketa berretsi du

Donostiako Ancient Settlers melodic death metal taldeak abeslaria aldatu du. Antony Hämäläinen izan da azken bi urteotan ahots nagusia, eta, aurrerantzean, Génesis Farias izango da. Hau da, behin-behineko gisa aritu ondoren, abeslari ofizial gisa berretsi dute.

Bandak ohar bat plazaratu du bati eskerrak eman, eta besteari ongietorria egiteko: "Bi urteko abenturen ondoren, gure lagunari eskerrak emateko unea iritsi da. Logistikak eta Ozeano Atlantikoak zaildu egiten dute elkarrekin lanean jarraitzeko aukera!!! Hala ere, asko ikasi dugu denbora honetan bere eta bere esperientzia, une handiak gozatzeaz gain, grabatu eta jotzen eta bidaiatzen. Era berean, Génesis Fariasi ongietorri beroa eman eta taldeko abeslari ofizial gisa iragarri nahi dugu. Azken urtean gure kontzertu batzuetan modu bikainean abestu du, esperientziaz gozatu du, taldeko beste bat bihurtu da eta abentura honetan gurekin bat egiteko erronka onartu du. Orain da aurrera egiteko unea, eta egun gutxi barru berritasun gehiagorekin itzuliko gara!".

Hain zuzen ere, Fariasekin abesti berri batzuk grabatu dituzte, eta laster aurkeztuko dituzte.

Ancient Settlersek Our Last Eclipse lehen diskoa apirilaren 1ean argitaratu zuen Australiako Crusader Records diskoetxearekin. Kritika helbide honetan irakur dezakezue. Aldiz, uztailean Autumnus Live Sessions At Track Lab Media EP digitala sareratu zuten.

Ancient Settlers Donostian sorturikoa izan arren, taldekideak ez dira Euskal Herrikoak. Halere, sortzaileetako bat euskal jatorrikoa da. Venezuelako Carlos Chiesa Estomba gitarristak –Irungoa da bere ama– eta Herman Riera bateriak sortu zuten banda 2020an, Gipuzkoako hiriburuan. Biak Haboryn taldean ibilitakoak dira.

Gerora, beste hainbat kidek bat egin zuten beraiekin: Emmy Reyes gitarristak, Rene Gonzalez teklatu jotzaileak, Antony Hämäläinen abeslariak (Meridian Dawn, Nightrage eta Armageddon ohia) eta Miguel Herrera baxuak (Haboryn ohia hau ere). Hemendik aurrera, Génesis Farias arduratuko da ahotsaz.

Hurrengo kontzertuak