2026/09/05

Ancient Settlers bandak abeslari berria dauka: Mylena Monaco

Donostiako Ancient Settlers taldeko abeslari berria Mylena Monaco da. Jatorri brasildarra-italiarra du eta Alemanian bizi da. Atzo izan zen haren estreinaldia, Belgikako Female Fronted Violence Fest jaialdian.

Sinaya taldearen sortzaile eta abeslaria izan zen, eta horri esker da ezaguna. 2010etik Europan eta Hego Amerikan zehar nazioarteko hainbat biretan eta estudioko grabazioetan parte hartu du. Horrekin batera, Summer Breeze jaialdiaren Brasilgo lehen edizioan aritu zen, eta 2024an Angra talde ezagunak Lisboan emandako kontzertuan gonbidatu berezi gisa aritu zen.

Datozen egunetan, boskoteak Through the ruins single berria plazaratuko du Scarlet Records diskoetxearen bidez. Monacorekin grabaturiko lehena da eta bere muturreko ahotsa estreinatzeko erabiliko dutena. Abesti berria abuztuaren 31rako zegoen aurreikusia, baina arrazoi teknikoengatik atzeratu behar izan zuten.

Beraien kabuz grabatu dute, eta Agustin Martinez (Rockline Productions) taldekidea arduratu da nahasketaz. Aldiz, Jens Bogren ezagunak masterizatu du Fascination Street Studios-etan.

Jon Toussas ilustratzaileak egin du azala, The Kraken Artworks arduratu da konposizioaz eta Dead Flag da taldearen logo berriaren egilea.

Ancient Settlers banda Donostian sortu zuten 2020an Carlos Chiesa-Estombak eta Herman Rierak. Ordutik, musikari asko pasatu dira taldetik. Esaterako, lau abeslari desberdin izan dituzte (Antony Hämäläinen, Argen Death, Noelia Fernandez eta Sonia Jimenez). Gogoratu behar da azken bi kantarien agurra iragan maiatzean iragarri zutela, eta, beraz, bosgarrena da Monaco.

Horiek horrela, egungo banda bost musikati hauek osatzen dute: Mylena Monaco (ahotsa), Carlos Chiesa-Estomba (gitarra), Agustin Jimenez (gitarra), Enric Juan (baxua) eta Herman Riera (bateria).

2027an iraupen luzeko hirugarren diskoa argitaratzeko asmoa dute. 

Podcasta

Hurrengo kontzertuak