
Donostiako Ancient Settlers melodeath bandak azaroaren 28an plazaratuko du Autumnus (Revisited) lan labur digitala, Scarlet Records diskoetxe italiarraren bidez.
2021eko Autumnus estreinako lan laburraren berrikuspena da. Ordutik, nabarmen aldatu da taldea, eta egungo seikotearekin birgrabatu dute. Aurrerapen moduan, A Monument Restored aurkeztu dute.
Khalipse artistak egin du lanaren azala, eta jarraian ikus dezakezue abesti zerrendarekin batera:

01. Intro
02. A Monument Restored
03. Die Around Me
04. Diamond Eyes
05. Outro
Ancient Settlers taldea 2020an sortu zutenetik, aldaketa ugari izan dituzte. Carlos Chiesa-Estomba (gitarra) eta Herman Riera (bateria) dira hasieratik jarraitzen dutenak. 2022an batu zitzaien Agustin Martinez (gitarra), eta aurten berrosatu dute banda hiru musikari hauekin: Noelia Fernandez (abeslaria), Sonia Jimenez Nia Creak (abeslaria) eta Enric Juan (baxu jotzailea).
Azaroaren 29an, Azpeitiako Hator Hator Horror Fest jaialdian ariko dira, Sanagustin kulturgunean. Diabulus In Musica eta Absenci bandekin batera joko dute.