2023/11/23

Anestesia berrosatuek 'Azken Heriotza' iragarri dute

35 urte bete berritan, Zarauzko Anestesia thrashcore taldea agertokietara itzuliko da 2024an. Hain zuzen ere, Azken Heriotza izenpean bost kontzertuko bira egingo dute apiriletik ekainera bitarte.

Azken urteak zailak izan dira beraientzat pandemiarengatik eta gaixotasunengatik. Hain zuzen ere, Fenix kontzertu bira laburra hainbatetan atzeratu eta behin betiko bertan behera utzi behar izan zuten.

Laukotea berrosatuta itzuliko da taula gainera. Izan ere, Beloki bateria jotzaileak uztea erabaki zuelako. Albixu zarauztarrak hartu du haren lekua. Mikel Kazalis (gitarra), Ibon Esteibar (ahotsa) eta Dani Aizpurua (baxua) musikariekin baterako ariko da.

Anestesiak ondorengo oharra plazaratu du kontzertu bira berria aurkezteko:

"2019. urtean garai beltz bat hasi zen Anestesiarentzat. Osasun arazoek gure ibilbidea etetera behartu gintuzten. Pandemia tartean ere, burua altxatu ezinik ibili gara azken 4-5 urteotan. Tarte horretan, 'Fenix' kontzertu bira laburra egiten saiatu ginen behin eta berriz, eta azkenean 2022an egingo genuela ematen zuenean, berriro osasun arazoek dena bertan behera uztera behartu gintuzten. Horri gehituta, 2023ko hasieran, berriro zerbait egitea planteatzen hasi ginenean, gure bateria jotzaile (eta betiko taldekidea izandakoa hastapenetatik) Beloki handiak, taldea uztea erabaki zuen. Kolpe bat bestearen atzetik.

Gertaera hauek guztiak taldearen ibilbidea amaitzera behartzen gintuztela ematen zuen. Ordea, taldea horrela desegiteak oso aho zapore txarrarekin uzten gintuen, eta beste saiakera bat egitea pentsatu genuen. Behintzat azken 'Fenix' kontzertu bira labur hartan egin ezinik utzi genituen kontzertuak berriro egiteko.

Lehendabizi, taldea ba ote genuen ikusi behar zen. Horretarako, bateria jotzaile bila hasi ginen, jakinik Beloki ordezkatzea OSO zaila zela. Hala izan da, baina, azkenean, urrutira joan gabe, Zarautzen bertan topatu dugu danborrak gogor astinduko dituen piztia. Albixu handia da, Folk Core, Humilitate, eta Burux Lee taldeetan ibilitakoa. Bera gurekin dela, eta taldea entsegu lokalean behar den indarrarekin ikusita, egin gabe utzi genituen bost kontzertu horiek egitea erabaki dugu.

Oraingoan ez da 'Fenix' bira izango, baizik eta honen ondorengoa. 'Fenix' abestian esaten ditugun azken bi hitzak hartuz, 'Azken Heriotza' izendatu dugu oraingo hau. Ez genuelako horrela amaitu nahi 35 urteko ibilbide eder hau. Beraz, 2024. urtean kontzertu hauek egitea erabaki dugu. Zuek hor topatzea espero dugu, milesker aldez aurretik eta laster arte!".

Iragarritako kontzertuak, berriz, hauek dira:

  • Apirilak 6, Atabal (Miarritze).
  • Apirilak 13, Doka (Donostia).
  • Maiatzak 11, Totem (Atarrabia).
  • Maiatzak 25, Kafe Antzokia (Bilbo).
  • Ekainak 8, Jimmy Jazz (Gasteiz).

Gipuzkoarrek 2022ko otsailean Fenix abesti berria aurkeztu zuten, orain arteko azken grabazioa.

35 urteotan sei disko, lan labur bat, bi maketa eta single bat kaleratu dituzte: Anestesia Cerebral (Maketa, 1989), Moralidad (Maketa, 1990), Toki Berean (EP, 1991), Gorrotoaren Ahotsa (CD, 1993), Erantzun (CD, 1995), Gu (CD, 1997), Ultra-komunikatzen (CD, 2000), Terapia (CD, 2006), Zirkulutik espiralera (CD, 2015) eta Fenix (Single, 2022). Diskografia osorik entzun dezakezue beraien Bandcamp atarian.

Hurrengo kontzertuak