2026/11/28

Anker taldea zaintzari buruz mintzo da, gonbidatu ezagun batekin

Legazpiko Anker heavy/thrash metal bandak abenduaren 4an argitaratuko du Hausnartu hirugarren diskoa. Hamar abestiko lan kontzeptuala izango da, eta Zaindu bigarren aurrerapenak gonbidatu ezagun bat dauka: Aitor Uriarte (Latzen).

Haien herriko leku aproposenean grabaturiko bideokliparekin aurkeztu dute. Aimar Ibarzabal taldekideak zuzendu du, Ilun Produkzioak bidez.

Laukoteak lan berriaren kontzeptua azaldu du: "Edozein pertsonak bizitzan zehar izan dezakeen une zail batean igarotzen dituen fase desberdinak jorratzen ditu kanta bakoitzak. Lehen piezatik azkenera arte emozioz eta sentipen desberdinez osatutako bidaia luze batean murgiltzen zaitu. Pertsona batek izan ditzazkeen momentu txar hauek gainditzearen prozesuan datza diskoak".

Ibarzabal bera arduratu da ekoizpenaz, grabazioaz eta nahasketaz. Aldiz, Estanis Elorza arduratu da masterizazioaz, Donostiako Doctor Master estudioan. Azalaren diseinua Ibarzabal berak egin du, eta Nagore Imaz da azalean piano jotzen ageri den pertsona.

01. Amildu
02. Aditu
03. Ulertu
04. Berpiztu
05. Gainditu
06. Oroitu
07. Indartu
08. Sinistu
09. Zaindu
10. Omendu

Hain zuzen ere, Omendu kanta izan zen aurreratu zuten lehendabizikoa, Legazpiko Elbereth talde eta haien erreferenteei eskainitakoa.

Anker taldea egun lau musikari hauek osatzen dute: Joanes Legarda-Ereño (ahotsa eta gitarra), Aimar Ibarzabal (gitarra), Eneko Altzelai (baxua) eta Jon Unzurrunzaga (bateria).

Podcasta

Hurrengo kontzertuak