Arduis - Idilic

Eskuzabala eta solidarioa da Urtzi Barceló Tanke musikari bizkaitarra. Zuldar taldea desegin zenetik bere denbora hartu du sormena lantzeko, eta duela bi urte aurkeztu zuen Arduis bakarkako proiektua. La Espera izan zen estreinako diskoa, eta agerian utzi zuen metalaren aldarte hainbat gustuko dituela. Batez ere, muturreko doinu klasiko eta modernoak. Idilic bigarren lana ere bide beretik doa baina nobedade estimatuekin.

Apirila hasieratik plataforma digitaletan entzungai dago diskoa. Era berean, CD Baby atarian eskura daiteke, eta deskarga horien bidez lorturiko dirua Debra irabazi asmorik gabeko erakundera bideratuko du bizkaitarrak. Lehen lanarekin egin bezala, abentura honen oinarrizko helburua da sormenarekin ekarpen zabalago bat egitea. Horrela, entzuleek aukera dute ekimen solidario bat babesteko.

Hamabi kantu izango zituela iragarri arren, azkenik hamaika dira lan berrian topatuko ditugunak. Berrikuntza esanguratsuena da hizkuntza aldetik eman duen pausoa. Gaztelania soilik hautatu zuen lehen diskorako, eta euskaraz abesteko gogoarekin geratu zen. Gogoa erabatekoa zela pentsa daiteke bigarren lanak euskarazko sei abesti dituelako eta gaztelaniazko bost.

Tankek riff bilduma bukaezina du gordeta bere baitan, zigilu propioa dute eta pieza guztietan topatuko ditugu. Aldapa gora abiatzen da diskoa La Montaña melodeath pieza indartsuarekin, eta Jose Prieto Kasta (Neriva) gitarraren soloak borobiltzen du. Aldiz, Dann Hoyos (Rise To Fall, The Space Octopus) gitarrak bere solo bereizgarri horietako bat jarri dio El Paseo kantuari. Gaztelaniazko kantuen artean aipatzekoa da ere groove kutsuko La Noche Mas Oscura del Alma.

Nolanahi ere, euskarak hobeto funtzionatzen du bizkaitarraren metal proposamenarekin. Gainera, Alain Dalay Tarda (Rise To Fall, Zuldar) abeslariaren laguntza izan du hiru abestitan. Idilic bortitzenean, Urrezko Kaiola pausatuagoan eta Denbora Agortzen Doa bizian topatuko ditugu melodia eta errepika gogoangarrienak. Alainen parte hartzeak agerian uzten du kantari aproposagoa dela. Izan ere, Tankeren ahulgune nagusia ahotsa da, eta horrela ere moldatzen dela aitortu behar zaio.

Lanari bukaera aproposena emateko Zuldar taldearen Gizon Zaharraren Malkoak kantua berreskuratu du. Bere garaian ez zuten Zabalandi lan bakarrean sartu, eta birgrabatzea erabaki du bere ahotsarekin. Omenaldi polita eskaini dio iraganari, eta tira, ondo legoke egunen batean taula gainean elkartuko balira.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. La Montaña
02. El Paseo
03. Idilic
04. Los Intocables
05. Mesurik Gabeko Gutuna
06. Denbora Agortzen Doa
07. Urrezko Kaiola
08. Bakarkako Guda
09. La Noche Más Oscura del Alma
10. El Perdón
11. Gizon Zaharraren Malkoak (Bonus Track)

Hurrengo kontzertuak