
Nafarroako Aschen black metal bandak The last glow abesti berria estreinatu du, The Never Ending Search (Wormholedeath) lehen diskoaren aurrerapena. Laster argitaratuko dute lana bere osotasunean.
Kantaren letren bideoa segidan topatuko duzue:
Iazko abuztuan grabatu zuten Bertako Atala estudioan, Iñigo Irazokiren gidaritzapean. Aldiz, Toni Lindgren soinu teknikariak masterizatu du Suediako Fascination Street Studios ezagunetan.
Mikel Telletxea musikari beratarraren bakarkako proiektua da Aschen. Ahotsez, gitarrez eta programazioez arduratzen da. Orain, berriz, Doneztebeko Atauzz (2sonT, Korkut, Kurkuma) baxu jotzailea batu zaio.
Telletxea bera arduratu da diskoaren azala egiteaz, eta jarraian duzue abesti zerrendarekin batera:

01. Sasi Santuaren Amiltzea
02. From the Depths of Decay
03. Azken Arbolak
04. Buried Name
05. Black Hounds of Justice
06. The Never Ending Search
07. The Forsaken Redeemer
08. The Last Glow
09. Amal
Diskoari buruz, hau da Telletxeak dioena: "Tentsio dinamikoaren esplorazioa eskaintzen du. Black metalaren ADNa argi mantentzen den bitartean, banda, berez, estilo ezberdinetan zehar mugitzen da, etengabeko aldaketa erritmikoak ezaugarri dituztelarik, hutsik gabe mugituz dooma itogarriez betetako pasarteetatik taupada gupidagabeetara, riff suntsitzaileetara, eraso gordina ehundura sorgorgarriekin, melodikoekin eta sakontasun emozionalarekin harmonizatuz, generoaren tropo tipikoak gainditzen dituen intentsitate espektro bat gogora ekarriz".
Aldiz, ingelesezko eta euskarazko letrak tartekatu dituzte. "Ohiko gai sataniko edo paganoetatik aldenduz, taldearen narrazioak giza psikeak bere barne hausturei aurre egiteko duen ezintasuna aztertzen du. Haien poesiak islatzen du nola beheraldi indibidual horrek durundi egiten duen gizarte dekadente baten eta mundu natural sufritu baten bidez", azaldu du beratarrak.