
Labirinto baten parekoa da sormena. Sartzea erraza da, baina bueltaka ibiltzen denari kosta egiten zaio irtetea; sorturikoa argitaratzea. Nafarroako Aschen taldeak lortu du labirinto gorritik atera eta The never ending search estreinako diskoa plazaratzea. Mikel Telletxea musikari beratarraren bakarkako eta estudioko proiektua da.
Urtetako bilaketa amaigabe horren emaitzak bederatzi abesti ditu. Telleriaren hitzetan, “tentsio dinamikoaren esplorazioa” da islatu duena. Arrazoi du, muturreko metalaren gordintasuna eta geldotasuna kontrajarri dituelako. Black metala da oinarria, eta doom metal pasarte idorrekin josi ditu piezen egiturak. Oreka interesgarria lortu du tentsio horren intentsitate mailekin.
Izenburua ez ezik, kanta gehienak ere ingelesez kantaturikoak dira. Dena dela, euskarak badu bere lekua —bederatzitik bi—, eta baliteke Azken arbolak izatea diskoaren erakusgarri onentsuenetako bat. Ohiko gai sataniko eta paganoetatik urrundu nahi izan duela aitortu du Telletxeak, “giza psikeak bere barne hausturei aurre egiteko duen ezintasuna” aztertzeko. Egiari zor, gizartearen dekadentziaz aritzea gero eta ohikoagoa da halako doinuetan, eta logikoa da.
Aipaturiko kontrapuntu horren eredu dira From the depths of decay eta Black hounds of justice gordinak, eta Buried name zein The forsaken redeemer pisutsuagoak. Telletxearen atmosferak adierazgarriak dira. Bera arduratu da musika tresna guztiez, eta Joseba Juanena Atauzz laguna arduratu da baxuaz. Horregatik ageri da taldearen argazkian.
Bestalde, nabarmentzekoa da soinuari emandako garrantzia. Berako Atala estudioan Iñigo Irazoki handiarekin grabaturikoa, Suediako Fascination Street Studios ezagunetan borobildu du Tony Lindgrenek. Beraz, nazioarteko izaera eman dio lan osoari, labirintotik ateratzea garrantzitsua delako.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Wormholedeath.
Abesti zerrenda:
01. Sasi Santuaren Amiltzea
02. From the Depths of Decay
03. Azken Arbolak
04. Buried Name
05. Black Hounds of Justice
06. The Never Ending Search
07. The Forsaken Redeemer
08. The Last Glow
09. Amal