
Atzeak erakutsi ohi du aurrea nola dantzatu... eta bizi. Añorgako Asgarth heavy metal taldeak, berriz, Retrotopia kontzeptua bere egin du, argitaratu berri duen lanean. Zygmunt Bauman soziologo poloniarrak sortu zuen eta oso interesgarria da. Etorkizun hobe baten alde egin beharrean, iragan idealizatu batera itzultzeko gogoa edo nostalgia da.
Retrotopia bera da diskoa borobiltzen duen abestia, bederatzigarrena. Aurretik, beste zortzi daude, eta ez dira azkena baino hobeak. Izan ere, denak dira maila onekoak. Are gehiago, aurreko lanen aldean, landuena eta indartsuena da. Lehen lerrora bueltatu zirenetik, aurrera begira aritu dira, eta zazpigarren erreferentziarekin —maketa aintzat hartuta— norabidea berretsi dute.
Disko kontzeptuala ez bada ere, kontzeptu berarekin lotu daiteke. Maitasuna, arrazakeria, buru osasuna, herri zapalkuntza eta beste dituzte hizpide, era nahiko ilunean, argitasunik bada ere. Azaleko ispilua, begia eta begirada ikustea besterik ez dago, sarraskiaren aurrean. Horrela ere, lasaia eta pausatua da abiapuntua.
Nota lasaiak lehen abestiak ederki aurkezten du banda, eta bi kide gazteenek haien musika tresna nabarmentzeko tartea dute. Riff ezaguna eta egitura zaindua ditu, Asgarth biziberritzen ari denaren seinale. Minez, Bila nenbilen eta Bizimodu basatia ere barrura begirakoak dira, kanpora azaleratuz. Bigarrenaren melodia eta errepika zoragarriak dira. Aldiz, Oihu galduak izan daiteke egungo David eta Goliath, eta Aurre egin piezak faxismoz tindaturiko etorkizun hurbilari egiten dio erreferentzia.
Retro moda musikagintzara ere iritsi bada ere, Añorgakoak orainean bizi dira eta ez dute atzera egiteko asmorik. Gainera, soinu eta ekoizpen modernoaren alde egin dute, sekulako emaitzarekin. Aurrera doaz, sendo, euskarazko heavy metala aberastuz.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Elkar Musika.
Abesti zerrenda:
01. Nota lasaiak
02. Minez
03. Oihu galduak
04. Irtenbide bat
05. Bila nenbilen
06. Bizimodu basatia
07. Aurre egin
08. Erruaren zama
09. Retrotopia