
Añorgako Asgarth heavy metal bandak ostiralean, azaroaren 20an, plazaratuko du Retrotopia (Elkar Musika) seigarren diskoa.
Bederatzi abestiz osaturikoa da, eta lan berriari izena ematen dion kanta aurreratu dute Quartan ekoiztetxeak zuzenduriko bideokliparekin.
Retrotopia Zygmunt Bauman soziologo poloniarrak sorturiko kontzeptu bat da, eta boskoteak bere ideiak baliatu ditu iraganaren idealizazioaz gogoeta egiteko, izan gerra, faxismo, amodio eta obsesioei loturiko gaietan.
Diskoa Haritz Harreguyrekin grabatu dute, berriz ere, haren Usurbilgo estudioan. Azala, berriz, Unai Arana diseinatzaileak egin du.

01. Nota lasaiak
02. Minez
03. Oihu galduak
04. Irtenbide bat
05. Bila nenbilen
06. Bizimodu basatia
07. Aurre egin
08. Erruaren zama
09. Retrotopia
Gipuzkoarrek aitortu dutenez, disko berrian estilo klasikoari eutsi diote, soinu eta erritmo modernoak esploratzearekin batera.
2027. urte hasieran abiatuko dute Retrotopia lanaren kontzertu bira. Lehen kontzertua urtarrilaren 9an izango da, Añorgako zinema zaharrean.
Asgarth bost musikari hauek osatzen dute: Asier Enbil (ahotsa), Unai Zabala (gitarra), Ander Cañas (gitarra), Mikel Yarza (baxua) eta Etxahun Urkizu (bateria).