2024/03/26

Basque Metal Country: IV. bilduma entzungai

Euskal Herriko hamar heavy metal taldek parte hartu dute Basque Metal Country egitasmoaren IV. bilduma digitalean: Broken Legacy, Electrikeel, HellMugan, Kimule, Nakkiga, Nukore, Soa, The Kraven, Withredd eta Zuldar.

Abestietako bat primizia da. Hain zuzen ere, Durangoko The Kraven groove metal bandaren Reptilian Self kanta.

Bilduma osorik entzun dezakezue jarraian:

Hamar taldeak

Oñatiko Broken Legacy taldea 2016an elkartu zen metalcore doinuak euskaraz jorratzeko. Ordutik hona bi disko eta hainbat bertsio argitaratu dituzte. Duela gutxi urtebeteko etena iragarri duten arren, haien doinuak presente izango ditugu.

Iruñeko Electrikeel hirukoa 2019an osatu zuten thrash metal/crossover doinuak astintzeko. Ordutik, lan labur bat eta iraupen luzeko disko bat plazaratu dituzte. Han eta hemen dabiltza kontzertuak ematen.

Errenteriako HellMugan banda hasiberria da, nahiz eta beste hainbat taldetan ibilitako musikariek osatzen duten. Groove metala lantzen dute eta lehen lan laburra aurkeztu berri dute.

Suhuskuneko Kimule taldea 2013an sortu zen Kink Mullet izenarekin, baina estreinako diskoa kaleratzeko deitura aldatu zuten iaz. Death/groove metal doinuak jorratzen dituzte baxenafarreraz kantatuta.

Amurrioko Nakkiga bandak 1999an abiatu zuen bidea. Euskarazko black metal talde emankorrena izatera iritsi dira bost disko eta beste hainbat grabazio argitaratuta. Muturreko metalaren beteranoak dira.

Gasteizko Nukore taldea 2004an sortu zen nu metal doinuak jorratzeko asmoarekin. Erritmoa bizitu eta hardcore/metal doinuetara lerratu zirenetik seigarren diskoaren bila abiatu dira.

Mutrikuko Soa banda 2022an osatu zuten beste hainbat taldetan ibilitako musikariek. Muturreko metal doinu klasiko zein modernoak lantzeko elkartu ziren, eta laster lehen diskoa kaleratuko dute.

Durangoko The Kraven groove metal bandak bigarren aroa bizi du. 1998an elkartu ziren, eta bi lan kaleratu ondoren desagertu ziren 2008an. Ordea, 2022an itzuli ziren kontzertuak emateko eta abesti berriak aurkezteko.

Bilboko Withredd alt/prog metal taldea musika eta ikus-entzunezkoak uztartzeko asmoarekin sortu zuten. Bata bestea gabe ez dute ulertzen, eta euren sormena honela aurkezten dihardute emari etengabearekin.

Sopelako Zuldar melodeath banda 1996an osatu zuten bost gaztek. Disko bat aurkeztuta banandu ziren 2004an. Bi hamarkada beranduago, 2023an, berriz batu eta abesti berriak kaleratzen ari dira.

Hurrengo kontzertuak