
Apirilaren 20an sareratuko du Basque Metal Country egitasmoak V. bilduma digitala. Osorik entzun eta jaitsi ahal izango da beraien Bandcamp ataritik.
Beste behin ere, Euskal Herriko hamar heavy metal taldek osatuko dute:

Barañaingo Arima Sutan taldea hiruko moduan itzuli zen 2024an, eta Oro ez da urre hirugarren disko interesgarria argitaratu zuten. Aurkezteko kontzertu askorik eman ez badituzte ere, eskainitakoak indartsuak izan dira.

Tolosaldeko Basati taldeak Gaitz ilunen ordua bigarren disko txukuna kaleratu zuen pasa den urteko irailean. Euskarazko heavy metala biziberritzeko prest dagoen bandetako bat da.

Bizkaiko Dire End taldeak aurten kaleratuko du estreinako diskoa. Burned to death izan zen lehen singlea, eta laster aurkeztuko dute bigarrena, euskaraz kantaturikoa. Muturreko doinuak iraultzera datoz.

Iruñeko Henkore taldeak tantaka aurkezten ari da beraien musikagintza. Aurkezten ari diren abestiekin agerian utzi nahi dute metalaren aldarte modernoa eta alternatiboa gustuko dituztela.

Donibane Lohizuneko Inertzia taldeak Capitulate estreinako diskoa duela bi urte kaleratu zuen, eta, ordutik, aurkezten dabiltza han eta hemen. Boskoteak norabideari eusten dio.

Gipuzkoako Izan Bai taldeak Dena galdu baino lehen lehen diskoa plazaratu zuen iazko urtarrilean, eta duela ez asko estudiora bueltatu ziren abesti berriak grabatzera. Dena dela, zuzenekoen bidez egingo dute aurrera.

Gipuzkoako Kudai taldea iaz bueltatu zen 2020an uztea erabaki ondoren. Gainera, Agur t'erdi lan labur berria aurkeztu zuten, sortzen jarraitzeko asmoa dutelako.

Zizurkilgo Meliora taldeak urrats serioa egin du Utopia bigarren diskoarekin. Metalaren aldarte klasikoa eta modernoa uztartzea erabaki dute, konplexurik gabe. Hori da jorratzen ari diren bidea.

Urolako Txatar hirukoak laster plazaratuko duen abesti berria jasoko dugu bilduman. Hildakoen jainko estreinako diskoaren jarraipena izango da, eta bigarren lanaren aurrekaria.

Iruñeko Urkara taldeak aleka aurkeztu zuen estreinako lana. Bigarren urratserako, proposamena eta soinua egonkortzea dute helburu. Hain zuzen ere, kanta berrietako bat izango du bildumak.
Azala, Xanti Rodriguez musikari eta diseinatzaileak egin du:

Orain arte sareratutako lau bildumak jarraian topatuko dituzue:
Basque Metal Country - IV
Basque Metal Country - III
Basque Metal Country - II
Basque Metal Country - I