2023/04/30

Bilboko Aste Nagusian jo nahi duzue?

Maiatzaren 5etik ekainaren 5era bitarte izena eman ahal izango da Bilboko Aste Nagusiko 36. Bertako Metal eta Pop Rock erakustaldian. Bizkaian bizi diren bakarlariek eta musika taldeek parte hartu dezakete, eta soilik Bilboko Udalaren webgunearen bidez eman daiteke izena.

Iaz Bizkaiko sei metal eta hard rock banda hauek aukeratu zituzten: Kruddö, Addar, Empire of Disease, Deimocracy –argazkian–, Song of Anhubis eta Blackhearth. Abuztuan aritu ziren zuzenean Bilborock aretoan.

Askotariko musika estiloak onartuko dituzte, heavy metala barne. Hamasei talde eta artistak aukeratzeko, kazetari eta musika kritikari batzuek osaturiko epaimahaiak aintzat hartuko ditu, bereziki, emakumeek eratutako taldeak eta euskaraz egindako lanak.

Parte hartzeko inprimaki bat bete eta gauza hauek aurkeztu behar dituzte: lau abesti original (Mp3 edo Wav formatuan), argazki bat (jpg, bmp edo png formatuan), taldearen edo artistaren biografia (doc, docx edo pdf formatuan).

Aukeratutako taldeek eta artistek 45 eta 50 minutu arteko kontzertua eskaini ahal izango dute, eta bi bertsio baino ez dituzte onartuko.

Hurrengo kontzertuak