Maiatzaren 30era arte izena eman daiteke Bilboko Aste Nagusiko 38. Bertako Metal eta Pop Rock erakustaldian. Bizkaian bizi diren bakarlariek eta musika taldeek parte hartu dezakete, eta soilik Bilboko Udalaren webgunearen bidez eman daiteke izena.
Iazko abuztuan bost metal talde bizkaitar aukeratu zituzten, eta Bilborock aretoan aritu ziren zuzenean: 4 Villains eta Fear Crowd —argazkian—, Frakture eta Knives, eta Sweet Rage.
Askotariko musika estiloak onartuko dituzte, heavy metala barne. Hamabost talde eta artistak hautatzeko, kazetari eta musika kritikari batzuek osatuko dute epaimahaia. Emakumeen presentzia duten taldeak eta euskarazko abestiak aurkezten dituztenak lehenetsiko dituzte.
Parte hartzeko inprimaki bat bete eta gauza hauek aurkeztu behar dituzte: lau abesti original (Mp3 edo Wav formatuan), argazki bat (jpg, bmp edo png formatuan), taldearen edo artistaren biografia (doc, docx edo pdf formatuan).
Aukeratutako taldeek eta artistek 45 eta 50 minutu arteko kontzertua eskaini ahal izango dute Bilborock aretoan, eta gehienez bi bertsio jo ahal izango dituzte. Emanaldiak abuztuan izango dira.