2025/10/20

"Bizitzak etengabe berpiztera behartzen gaitu"

Amestuz hegan egiten hasi ziren, eta eskifaia egonkortuta azkartu du erritmoa Itinerum taldeak. Ruben Conejo bateria jotzaile arrasatearraren proiektu propioak banda izaera hartu zuen, eta behar den moduan osatzea lortu du Resurgence (Demons Records) diskoa aurkezteko. Epe laburrean kaleratu duten bigarrena da, eta aurrerapauso gisa hartu dute gidariak eta gainerako hiru kideak. Rubenek labur eta zuzen erantzun ditu gure galderak.

Bigarren diskoarekin, Itinerum suspertu eta proiektu pertsonala izatetik talde egonkorra izatera pasatu da?

Horrela da, bai. Buelta asko eman ondoren, gauzak bere lekuan jarri dira, eta, orain, harro egoteko moduko banda bat daukagu.

Hain zuzen ere, Resurgence izenburuak badu zerikusirik susperraldiarekin?

Pixka bat bai, baina beste bat da izenburuaren esanahia. Diskoko letrek, batez ere, gainditze pertsonalarekin dute lotura. Izan ere, bizitzak etengabe berpiztera behartzen gaitu. Sentimendu horiei buruzkoak dira abestiak.

Laukote berezia osatu duzue. Anne Aisling abeslaria beasaindarra da, Jorge Banobre baxu jotzailea kubatarra eta diskoa grabatu duen Federico Wuttke gitarrista argentinarra. Nola da posible?

Anne aspalditik ezagutzen dut. Fede duela gutxi arte Gasteizen bizi zen, eta han ere bizi den Anne harekin harremanetan jarri zen lagun batzuen bidez. Jorge, berriz, bere lagun baten bidez ezagutu nuen.

Ekainean kaleratu zenuten Resurgence diskoa, eta nahikoa denbora pasatu da harrera nolakoa izan den jakiteko.

Egia esan, nahiko ona izan da. Elkarrizketa asko eskaini ditugu. Disko eta kamiseta dezente saldu ditugu, eta, garrantzitsuena, gero eta jende gehiagok galdetzen du gutaz.

Hain zuzen ere, ikusgarritasun handiagoa izan duzue bigarren lanarekin hedabideetan, ezta?

Bai, asko nabaritu dugu. Javi Izkarrekin egindako promozioa ona izaten ari da, eta gauzak are profesionalago egiten erakutsi digu.

Dream and fly eta Resurgence diskoen artean lotura musikal bat dago. Ordea, bigarren urratsa askoz harago doa. Esentzia sinfonikoak eta gotikoak presentzia handiago dute Anneren ahotsarekin. Ados zaudete?

Erabat, gainera. Lehen lana askoz ere anitzagoa dela esango nuke. Aldiz, bigarrenak aipaturiko esentzia sinfoniko hori indartzen du, Anneren ahotsak ezinbestean horretara eraman gintuelako. Bestalde, bigarren diskoan gure proposamena zein den argiago geratu da, eta baita egin beharreko bidea ere. Horrela ere, bi diskoak maila berean gustuko ditugu.

Abestien sortzailea zara, nahiz eta bateria jotzailea izan. Nolakoa izan diskoaren kantak egiteko prozesua?

Konposatzen dudanean, oinarriak teklatuekin egiten ditut, eta gitarra pixka bat ere jotzen dakidanez, riff sinple batzuk sortu ohi ditut. Ideia horiekin, gainerako taldekideekin osatzen ditugu abestiak. Era berean, Pedro J. Mongeren (Vhäldemar) laguntza izaten dugu ekoizle gisa. Letren kasuan, bigarren diskokoak Annek idatzi ditu. Lehen lanekoak, berriz, nireak dira.

Badirudi ondo egindakoa ez dela aldatu behar. Grabazioa leku berean egin duzue, eta diseinua pertsona berak egin du. Zergatik?

Pedroren Chromaticity Studios-etan grabatzea plazer hutsa da. Nahi eta estimatzen dugun soinua lortzeaz gain, oso erosoa da harekin lan egitea. Diseinuari dagokionez, Manu Gimenezekin (MG Media Productions) lan egin nahi genuen, berriz ere. Bigarren diskoko azala ere ikusgarria da.

Europan ibilbide luzea egina du emakume ahotseko metal sinfonikoak, eta, orokorrean, harrera ona izaten dute talde berriek. Pixkanaka, lekua egiten hasi zarete?

Duela pare bat aste Demons Records zigiluak esan zigun gure salmenten %70 Europakoak eta Eskandinaviako herrialdeetakoak direla. Handik jotzeko gogo handia daukagu, eta laster izatea espero dugu.

Euskal Herrian bada talde bat internazionala dena: Diabulus In Musica. Hasieratik, diskoetxe garrantzitsuen babesa izan dute. Zuek ere hori nahi zenukete?

Asko gustatuko litzaiguke. Oraindik bide asko dugu jorratzeko, baina egunen batean maila horretara iristeko itxaropena badugu.

Une hontean, lotura bat duzue nafarrekin. Diabulus In Musicako Aimar Ibarzabal gitarrista zuekin batera ari da, Federen hutsunea betetzeko zuzenekotan. Haren ekarpena garrantzitsua izaten ari da?

Oso azkar egokitu da, oso musikari ona da eta pertsona gisa ere oso eramangarria. Soinuarekin batera, ideia asko proposatu ditu, zuzenekoari plus bat emango diotenak.

Kontzertuak emateko laukotea berrituta, asko jotzeko asmoa duzue?

Data batzuk iragarri ditugu, eta beste batzuk oraindik ez. Zuzenean aritzea da gehien gustatzen zaiguna, eta ahalik eta kontzertu gehien ematea da gure asmoa.

Jaialdiei dagokienez, beste talde askok nahi duten moduan, esanguratsuenetan jotzea da zuen helburua?

Villabonako Hellbona jaialdian aritu berri gara, eta laster Rock in Ria festibalean ariko gara. Pixkanaka, jaialdi txikietan jotzen ari gara, eta pixkanaka aukera berriak izatea espero dugu jaialdi ertainetara iristeko. Badakigu zein den egoera, badakigu zaila dela, baina saiatuko gara.

Gainerakoan, zein da zuen helburua epe laburrean eta ertainean?

Taldea gero eta gehiago ezagutaraztea, ahalik eta kontzertu gehien ematea eta beste herrialde batzuetara jotzera joatea.

Bukatzeko, Lined taldeko bateria jotzailea ere bazara. Une honetan, geldirik dago?

Ez erabat. Oso gutxi elkartzen garen arren, Andoni Barkerok [Shallow Waters taldeko gitarrista ere bada] abesti berriak egiten jarraitzen du Imanol bere lehengusuarekin. Hurrengo lanaren erdia baino gehiago dugu konposatuta. Oraingoz, oso astiro daramagu, eta, momentuz, horrela jarraituko dugu. Dena dela, egunen batean baliteke makina berriz ere martxan jartzeko une egokia topatzea.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Unai Endemaño.

Hurrengo kontzertuak