Blackhearth - The Wrath of God

Bi musikariren ahaleginak bere fruitua eman du. Durangoko Blackhearth heavy metal taldeak oihartzun handiagoa lortu du The Wrath of God bigarren diskoarekin. Munduko beste txoko batzuetara eta metalzale gehiagoren belarrietara iritsi dira. Egiten ari diren promozio lan onaren emaitza da. Dena dela, diskoak izandako harrera ona da hedapenaren gakoa. Konposizio landuagoak ditu eta Chromaticity Studios-etan lortu duten soinua askoz hobea da. Azala, berriz, traketsagoa da.

Alex Hernandez gitarristak eta Asier Larrea bateriak aurreneko laneko formula errepikatu dute. Bikoteak maila oneko lau musikariren aberastu dute The Wrath of God bigarren urratsa: Alain Concepcion (ahotsa), Endika Ortega (gitarra), Jorge Sanchez (baxua) eta Julio Veiga (teklatua). Bikoteak aitortu duenez, bigarren diskoan ekarpen handiagoa egin dute. Are gehiago, Concepcionek abestien melodien sormenean parte hartu du. Horri esker, abeslaria askeago eta erosoago dago disko osoan zehar.

Izen propioei dagokienez, lan berriko esanguratsuena falta da: Tim Ripper Owens kantaria. Bere kolaborazioak Blackhearth nazioarteko metalaren mapan kokatu du. Amu bikaina izan da bizkaitarrentzat. Judas Priest eta Iced Eartheko abeslari ohiak diskoaren izenburu bereko abestian parte hartu du. Egia esan, Blackhearthen proposamena eta haren ahotsa zeharo bateragarriak dira.

Bi gidariek erraietan daramate AEBetako eta Europako heavy/power metala. Horren adierazle dira Betrayal, Rotten to the Core, This World eta True Belief. Aldi berean, izaera iluneko heavyaren eta progresiboaren zaleak direla erakutsi dute, beste behin ere. Witherfall estatubatuarren eragina ezin aipatu gabe utzi. Ildo horretakoak dira My Bornless Child, Nothing but Dust eta Reaching the Shore piezak. Era batekoak eta bestekoak nahastuta, disko orekatua lortu dute. Bai, lan zinez ona, metalzale.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Betrayal
02. Into The Unknown
03. My Bornless Child
04. Rotten To The Core
05. Nothing But Dust
06. This World
07. The Wrath Of God
08. True Belief
09. Reaching The Shore
10. Banished Forever

Hurrengo kontzertuak