Blast Wave - Mil Rostros

Biziberritze ugari izan ditu Irungo Blast Wave power metal bandak. Abiatu zirenetik traba askori egin behar izan diote aurre, baina ez dute sekula etsi. Horri esker lortu dute Mil Rostros bigarren diskoa argitaratzea. Emaitza entzun orduko pentsa daiteke denbora asko eskaini diotela sormenari eta grabazioari. Oihartzun gehiago duten gaztelaniazko talde hainbatek baino maila hobea dute.

Musikalki jauzi nabarmena eman dute lehen diskotik bigarrenera. Hendaiako Ilungara taldean ibilitako Ivan Estevez eta David Cabanillas gitarra jotzaileek bultzada berri bat eman zioten bandari. Lan berrirako Mikel Iragui bateria jotzaile nekaezina fitxatu zuten. Noski, sortzaile eta gidariak, ezin aipatu gabe utzi. Jon Marcos abeslaria eta David Cuadrado baxu jotzailea. Boskote finkoarekin proposamena findu eta kantu biribilagoak sortu dituzte. Power metal alemaniarra txukun omendu dute. 

Hamar abestiko errepertorioak une atsegin hainbat ditu. Esaterako, euren ibilbideko kantu onena jaso dute bigarren diskoan: Tras la Tormenta. Bideoklip gisa aurkeztu izana ez da kasualitatea. Aurrez, hasiera aproposa ematen dio diskoari Hasta el Final kantuak, eta gerora, azpimarratzekoa da lanaren izenburu bereko Mil Rostros abestia. Hiruek osatzen dute podiuma. Horrek ez du esan nahi gainerakoek merezi ez dutenik. Zehazki, pasarte interesgarriak dituztenak hainbat dira: Lecho de Esprinas balada, Hasta que te Vuelva a Ver zuzena, Madre Tierra sentitua eta Promesas zertxobait progresiboa.

Bertuteak aipatuta, akatsak ezin esan gabe utzi. Detaile guztiak zaintzea ezinbestekoa da, eta bi dira ez daudenak egindako lan onaren parean. Aurreko lanarekin gertatu bezala, promozioa lantzea falta zaie. Asko, gainera. Bestalde, belarriekin entzun aurretik begiekin jatera ohitu garenez, diseinua oso garrantzitsua da. Gauzak argi; azala itsusia da, eta ez dio mesede egiten estaltzen duenari. Zorionez, itxurari soilik erreparatzen ez diotenak oraindik existitzen dira.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Cyber Mk. 1
02. Hasta el Final
03. Tras la Tormenta
04. La Verdad
05. Mil Rostros
06. Lecho de Espinas
07. Hasta que Vuelva a Ver
08. Sangre de Mi Piel
09. Madre Tierra
10. Promesas

Hurrengo kontzertuak