Bourbon Kings - Performance

Graduazio onekoa da Atarrabiako Bourbon Kings taldearen proposamena. Performance bigarren diskoak denbora gehiago eman du egurrezko barrikan, eta zapore zein ñabardura gehiago ditu. Edateko gogorra da hasieran, baina pixkanaka dastatu ahala gozagarria da. Hau da, kolpetik hartu beharrean, hobe da flow sortaren erritmoan probatzea, eta azkenik lehergailua ahoan sentitzea.

Oinarri zaharkitua berritzeko ausardia erakutsi dute nafarrek. 90eko hamarkada erdialdean AEBetan eztanda egin zuen estiloa eta estetika berreskuratu dute, egungo errealitateak kritikatzeko. Hip hoparen eta metalaren oreka zein desorekak ezin hobeto uztartzen dituzte. Formularen elaborazio egokia lortu du boskoteak, eta nabari da musikariek duten iragana. Hain zuzen ere, ZTK Rap eta Insomnio Kroniko taldeetan ibilitakoak dira.

Barruko kezka, pentsaera eta amorruak kanporatu dituzte. Kalera irten dira, harro eta erasokor: “Necesito un solo tiro, con mi revolver meterte el miedo en el cuerpo”. Horrela dio Una sola oportunidad kantuak. Aldiz, Tienes mucho que callar bikainarekin mezu zuzena jaurtitzen diote gizarteari eta gaurkotasun politikoari. “Mira, con mi performance vereis como somos, mala hostia lanzada en varios tomos”. Vergüenza abestiak ederki azaltzen du errefuxiatuen errealitate gordina.

Gizakiaren izaera eta psikologia ilunari ere kontuak eskatzen dizkiote diskoan, eta kantuz islatzen dituzte. Todo el mundo lo sabe, (Siempre) en la mierda eta Reír llorando kantuak ildo horretan kokatu daitezke. Letrak irakurtzeko modukoak dira, egia esan. Bestelako lehergailuak dira Rómpelo bizia eta Otra vez nafarren ereserki berria. Zuzenekoak lehertzeko aproposak dira.

Aaron DB abeslaria eta Paik DJa dira graduazioaren arduradunak, Jon, Julen eta David hiruko elektrikoarekin batera. Seigarren kide bat ere aipatu beharko balitz, hori Iker Piedrafita musikari eta teknikaria litzateke. Soinua eta ekoizpena taldeak merezi duen maila berean dago. Guztien artean posible egin dute iragana gaurkotzea, eta rap metalari indar berria ematea. Korn, Limp Bizkit eta Deftones taldeekin txoratu zirenek, hautsak astintzeko aukera paregabea dute nafarrekin.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: El Dromedario Records.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Una sola oportunidad
03. Tienes mucho que callar
04. Vergüenza
05. Rómpelo
06. Todo el mundo lo sabe
07. (Siempre) en la mierda
08. Reír llorando
09. La ley del más fuerte
10. No soy real
11. Da Boozer (Bonus Track)

Hurrengo kontzertuak