Bullets Of Misery - Debile principium melior fortuna sequatur

Zorionekoa ala zoritxarrekoa da euskararen egoera? Esku batek zeresana eman zuen iaz, eta urteko albisteetako bat izan zen haren aurkikuntza. Eskua eta eskuera; hau da, euskara. Irulegi mendi nafarretik kilometro asko daude Gernika-Lumora, baina eskutik helduta egin daiteke bidea. Han ez dugu hizkuntzalaririk topatuko, talde bat baizik: Bullets Of Misery. Eta zergatik diogu hau dena? Bizkaitarrek Bernart Etxepare eta muturreko metala uztartzeko asmoa berretsi dutelako.

Latinezko izenburua du euren lanik berrienak: Debile principium melior fortuna sequatur (Hasiera xume honek duela fortuna hobea). Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) euskarazko lehen liburuaren azken esaldia da, eta, era berean, antzinako iragarpen bat. Gainera, bizkaitarren aurreko lan laburraren izenburua ere bada. Beraz, disko berria aurrekoaren jarraipen gisa har genezake. Iraganeko erreferentzia gehiago ere baditu. Izan ere, egungo pentsamenduan eta Dante Alighieriren Divina Commedia (Jainkotiar komedia) poema liburuan oinarritu dira. Hori gutxi balitz, XVI. mendeko Joan Perez Lazarraga poetaren euskaran idatziko lan kontzeptuala da.

Eta musikalki zer dakar lan berriak? Hori da batzuek pentsatuko duzuena. Direna mantendu dutela esan genezake, taldekide aldaketak izan arren. Orain Eneko abeslariaren ardura da we growl in basque leloa, eta gainerako kideena infernuko rural death metalarekin burezurrak astintzea. Sei abesti ditu lanak, bost ageri arren CDaren eta biniloaren atzealdean. Sarrerako kanta, diskoaren izenburu berekoa, aintzat hartzea ahaztu zaie.

Sarbide horrek iluntasunera garamatza. Abarr biurrtuac eta Arranguren corridorean pieza makurrak dira aipagarrienak. Ondo baino hobeto islatzen dute boskotearen death/black metal gordina eta teknikoa. Halere, aitortu behar da aurreko laneko abestien borobiltasuna galdu dutela. Bortizkeria latza lehenetsi dute, eta horrek ere badu bere balioa. Gainera, euren musikak merezi duen soinua lortu dute Ekaitz Garmendiarekin Karrantzako BlackStorm estudioan. Egia esan, infernuko ateak irekita utzi dituzte, eta deabruak aintzako euskara gustuko du!

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Violence In The Veins

Abesti zerrenda:

01. Debile principium melior fortuna sequatur
02. Abarr biurrtuac
03. Capelaetan aragui errea
04. Yrecacu beguiac
05. Arranguren corridorean
06. Ausi detique

Entzun:

Hurrengo kontzertuak