Bullets Of Misery - Summum Post Mortem

2008an taldea sortu zutenetik maketa eta disko bat argitaratu arren, Summum Post Mortem lan labur berri zein bortitzarekin lortu du Gernikako Bullets of Misery taldeak urteetan zehar bilaturiko oreka. Aurreko lanekin alderatuta, ekoizpena nabarmen hobetu dute oraingoan, baita inoiz baino soinu basatiagoa eta kanta sendoagoak sortu ere. Melodian oinarrituriko pasarteak alboratu eta muturreko erritmo eta gitarra riffak lehenetsi izana da lan berriaren nobedade nagusia.

Hasierako Bizirik Infernuan eta George Orwellen obra klasikoari erreferentzia egiten dion 1984 errukirik gabeko zaplastekoak dira, blast beat basatiak, bonbo bikoitzeko erritmo zanpatzaileak eta gitarra riff maltzurrak protagonista dituztenak. Kantuak intentsitate goreneko pasarteen segidan oinarritu arren, erritmo ezberdinen konbinaketaren bitartez une batean ere linealtasun sentsaziorik ez transmititzea lortu dute. Aldi berean, inoiz baino nabarmenagoa da abesti berrietan muturreko melodeath-era hurbildu izana, Apokalipsiaren Lau Zaldunak kantan bereziki, non saihestezina den estiloan errege diren The Black Dahlia Murder oroitzea.

Garrasi erregistro ezberdinak adimenez tartekatzen dituen ahotsa eta instrumentuen arteko baturaren bitartez freskotasunez eta inspirazioz beteriko lana osatu dute. Azken emaitza aberasgarria eta gozagarria da eta hain laburra izateak behin eta berriz entzuteko gogoa pizten du; halako basakeria zuzenean bizitzea ikuskizun ederra izango da. Bide berean jarraituz gero, etorkizun oparoa izango dute.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak