Cobra - Riffyard

Modu bortitz bezain elegantean aurrera egiten duen tren boteretsuaren parekoa. Horrela deskribatu genezake laburki RiffyardCobra taldearen lan berria. Laukoteak iraupen luzeko hirugarren diskoa plazaratu du, soinua fintzeko asmoz hainbat estudio ezberdinetan grabatu eta taldea hurrengo mailara goratu duena, konposaketa inspiratuak bidelagun izanik.

Musikariak beste hainbat proiektutan murgilduta dabiltzan arren, bandari merezitako denbora eskaintzeak fruitu oparoa eman du, fruitu heldu, gozo eta erakargarria. Indar handiko Skull & Bones eta '70 Challenger zuzenen errepika gogoangarriek diskoa lehen entzunalditik digeritzea errazten duten bitartean, The New Rebels edota Light Bearer abestietan riff pisutsuetan oinarrituriko girotze ilunak dira protagonista. Intentsitatearen neurketa eta estilo anitzen konbinaketak diskoaren dinamika nabarmen aberasten du.

Gauza berbera gertatzen da Haritz Letek ahotsean gauzaturiko lanarekin, gainontzeko instrumentuekin bat egin, harmoniak aberastu eta kantuak gidatzeko balio baitu, gitarra eta baxu doinuen gainean naturalki flotatuko balu bezala. Halaber, euskarari tartea egin diote lehenengoz, sinesmenaren iruzurra kontatzen duen Zaldun Inaute Berpiztuak abestiaren bitartez. Azpimarratzekoa da orain arte hitzen erdigune izandako zinema istorioak mantendu arren, alor lirikoan leiho berriak ere ireki dituztela.

Kanta berriek gaztetasunaren garra mantentzen badute ere, ukaezina da laukoteak urteen poderioz bereganaturiko esperientziari esker eman duen aurrerapausoa. Sortzaile talentudunen baturak emaitza apartak eragin ohi ditu eta oraingoa ez da salbuespena. Riffa omentzen urte askotan jarrai dezatela, arren.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak