Dama - Dama

Urteen iragateak aukera eman die mundu zabaleko musikariei estiloak findu, hamaika azpi estilo sortu eta horietan denetan xehetasunak muturreraino zaintzeko. Teknika lehenestea, ordea, kaltegarri ere bilaka daiteke eta maiz ekarri du ondoriotzat kanta biribilen murriztea. Bada, hain justu bertute hori findu du estudioko hirugarren lanean Ipar Euskal Herriko Dama taldeak.

Sinpletasuna arma nagusi bilakatu du laukoak, eta riff zein erritmo zuzenak oinarri pasarte gogoangarriz beteriko diskoa oparitu dio musikazaleei. Taldearen izen bera duen lan berrian nabarmentzekoa da Doneztebeko musikariek soinuaren alorrean eman duten aurrerapausoa. Sendoa zein orekatua da, eta gitarra zein baxua ezin hobe baliatu dituzte soinu horma gihartsua osatzeko; bateria eta ahotsa aldiz adimenez aritu dira riff erritmikoen zerbitzura. Laburrak dira kantak, bi minutu eta hamahiru segundo irauten ditu diskoko abesti luzeenak, eta horrek eragiten du bederatzi piezako obra berehala amaitu eta entzulearen barruan areagotzea behin eta berriz errepikatzeko gogoa. Hitzei dagokienez, egungo gizartearen askotariko okerrei egin dio orro Iparraldeko laukoteak lan berrian, erregetza, zezenketak, telebistako sentsazionalismoa… kritikatik aldendu eta esparru intimora jotzen duen Nere salbazioa abestia da musika zein hitzen alorrean ezberdinena. Ukitu malenkoniatsua are bereziago bilakatu du Eraso! taldeko kantari Sergio Ruizen kolaborazio boteretsuak.

Bost urtetan hiru lan plazaratu ditu talde gazteak eta ekoizpenaren zein abestien fintasuna baliatu beharko luke doinu berriak Euskal Herrian lau haizeetara hedatzeko. Metal eszenatik harago aski ezaguna den estilo paretsuko banda erreferenteak badu zale andana, ez luke beraz hain konplikatua izan beharko, euren belarriak limurtzea.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Baratzekill ekoizpenak.

Abesti zerrenda:

01. Barrabiltaraino
02. Gure Bizi Hilketa
03. Turbo
04. Torero Ole
05. Nere Salbazioa
06. Eszenaren Putza
07. Amen!!
08. Gurutziltzaturik
09. Damak Dio

Hurrengo kontzertuak