Dark Code - Delineate

Bergarako Dark Code taldeak nekez lortu zuen zuzenekoetako indarra estreinako Raise of Death lanean islatzea. Delineate izeneko bigarren diskoan, ordea, garapen nabarmena izan dute, death metalak eskaintzen dituen aukera zabalak esploratuz soinu orekatua erdietsi eta konposaketak borobildu dituztelako. Meritua txalotzekoa da grabaketa euren kabuz landu dutela kontuan hartuz gero.

Handitasun sentsazioa hasieratik nabari da, sarrera sinfonikoari jarraipena ematen dion From the Ashes bortitz zein epikoaren bitartez. Hortik aurrera laukoteak modu inspiratuan nahastu ditu kemena eta fintasuna konbinatzen dituzten gitarra riffak, melodia gogoangarriak eta abiadura goreneko bonbo bikoitzeko erritmoak. Zentzu horretan, meritu nagusia Mikel Gomez bateria jotzailearena da, zeinak abestietako pasarte ezberdinak elkartu eta intentsitateen moldaketa zehatza egiten duen esku zein hanka joko abilaren bitartez. Hala ere, lauak teknikaren maisuak direla nabari da. Ahots garbiekin oraindik asmatu ez duten arren, zati astunenak inoiz baino hobeto landu dituzte, The Serunoth (The Contact) eta When We Fall (The War) kantaren amaiera birrintzailea adierazgarrienak.

Soulburners Productions agentziarekin sinatu berri dute, Euskal Herritik kanpo euren musika hedatzeko asmotan; espero dugu euren ibilbidean hurrengo mailara goratuko dituen pausoetako bat izatea. Halako kalitatea duen taldeari merezitako onarpena ez ematea akatsa litzateke.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak