2020/04/12

Datozen burdin hotsak

Urtean argitaratzen diren lanen jarraipena egiten dugu Herriko Burdina webgunean. Horien informazioa urtez urte topatuko duzue Argitalpenak atalean. Hain zuzen ere, itxialdiari aurre egiteko, azken hilabeteetan plazaratu diren lanak entzuteko aukera hedatu dugu sare sozialetan. Era berean, Datozenak atalean, argitaratuko diren lanen zerrenda osatzen dugu taldeek xehetasunak eman orduko. 2020ko lehen herena betetzear denean, datorrenari begira jarri gara.

Hilabete honen bukaeran, apirilaren 25ean, Bizkaiko Elffor kide bakarreko taldeak Unholy Throne of Doom lan berria kaleratuko du. Eöl musikariaren bakarkako ibilbideko hamabigarren diskoa da, eta black metal kutsukoa izango da. Igor Mugerza artistak egin du azala, eta Kaosaren Profezia da aurrerapen abestia.

Maiatzerako, berriz, lau disko daude aurreikusita. Bizkaiko Sinmas bandak maiatzaren 4ean argitaratuko du Muerto Por Dentro bosgarren diskoaRock Estatal Records zigiluaren bitartez. Juego de Tronos abestiaren bideoklipa aurkeztu dute. 

Gasteizko Aeroscreamer heavy metal taldeak martxoan plazaratu nahi zuen Cast the Fire estreinako lan laburra. Ordea, gertatu denaren ondorioz atzeratu behar izan dute argitalpena, eta ondo bidean, maiatzean aurkeztuko dute. 

Bidasoako Mørgue thrashcore bandak ere martxoa bukaeran plazaratu nahi zuen Rigor Mortis estreinako lana. Maiatzean entzungai jartzeko asmoa dute. 

Lapurdiko Ztah groove metal taldeak Aska Nazazu bigarren diskoa maiatzean plazaratzea espero du. Momentuz ez dute kanturik aurreratu, baina azala ikus dezakezue jarraian. 

Ekainean, berriz, Arrasateko Lined death/thrash metal bandak Soulcrifice diskoa argitaratuko du. Zehazki, ekainaren 12an kaleratuko dute Art Gates Records zigiluaren bidez. Hamaika kantu izango ditu lanak, eta Warbanner arduratu da diseinuaz.

Datozenak atalean ikusiko duzuenez, data zehatzik ez duten lanak ere zerrendatzen ditugu. Hala nola, Hybrid Moon eta Shallow Waters taldeen estreinakoak. Batetik, Donostialdeko death metal bandak prest du Evolve lehendabiziko diskoa, eta abesti batzuk sareratu dituzte. Hauxe duzue horietako bat. 

Bestetik, Gipuzkoan finkaturiko muturreko talde malenkoniatsuak Bed of Snakes aurreneko lanaren aurrerapena aurkeztu du.

Horiez gain, beste hainbat banda estudiotik pasa dira, edo oraindik estudio lanetan dabiltza. Bizkaiko Incursed folk metal bandak Baskavigin lan berria argitaratuko du uda osteanHelheim Records zigiluaren bidez. Chromaticity Studios-etan ari dira diskoari azken ukituak ematen. Estudio berean dabiltza grabazio lanetan Bilboko Evil Seeds eta Dormanth bandak. Bestalde, Amurrioko Izatefaltsua banda Amorru Bizia disko berria grabatzen ari zela iritsi zen koronabirusaren krisia, eta momentuz bertan behera utzi behar izan dute. Bizkaiko Ossyris power metal taldea ere itxialdiak harrapatu du, eta Destino Escrito lan berria aurreikusitakoa baino beranduago plazaratu beharko dute. 

Gipuzkoako Hilotz thrash/death metal bandak urtea bukatu aurretik plazaratuko du estudioko bigarren diskoa. Bizkaiko After Life thrash/death metal taldeak aspaldi iragarri zuen Gates of Madness bigarren diskoa, baina oraindik ez dute kaleratu. Izenburu bera duen abestiaren bideoklipa aurreratu zuten. Barakaldoko Vhäldemar heavy metal bandak udazkenean argitaratuko du disko berria, eta apirila bukaeran aurkeztuko dute Hell is on Fire aurreneko singlea. Azkenik, abenduan iritsiko da Bizkaiko Auritz heavy metal taldearen Su Beltzaren Egunsentia bigarren disko-liburua. Lan berria prestatzen ari diren beste talde batzuk dira In Loving Memory, Odolean, Knives, Krait, Lord Witch, Mosh, Deimocracy eta Lampr3a.

Hurrengo kontzertuak