Dormanth - Complete Downfall

Erortzeko beldurrik ez dute, inguruko dekadentzia erretratatu arren. Bizkaiko Dormanth taldea biziberrituta itzuli zen iraganetik, eta dagoeneko lehen etapa hura atzean utzi dute. Iazko urte makurraren hondarrean argitaratu zuten Complete Downfall laugarren diskoa. Bigarren aro emankorreko lanik onena eta profesionalena da. Oscar del Val musikari nekaezinak sormena eta ekoizpena maila berean jarri ditu.

Ez da apurtzailea, baina haustura bat berresten du beraien diskografian. Laukote berritua aurrera begira jarri da, Abyss lan laburrari jarraipena emanez. Complete Downfall diskoarekin death metal melodikoa jorratzen dutela aldarrikatu dute, doom metalaren mamua gainetik kentzeko. Egia esan, melodeath suediarraren oinarritik abiatuta bestelako osagaiekin eguneratu dute proposamena. Doom izaera mantendu dute melodietan zein pasarte jakinetan, beraiek ere aitortu dutenez, eta pieza batzuen kutsu heavya agerikoa da.

Gutxiago aldarrikatzen dute Euskal Herriko metalaren historian leku bat dutela. In Thousand Lakes taldearekin konpartitzen dute hori, gurean death metal melodikoa jorratzen aitzindariak izan zirelako. Orain bi bandekin bakarra osatu dutela dirudi, eta Dormanth da biziraun duena. Del Val gitarrista eta abeslariak alboan ditu Javi Martinez (In Thousand Lakes) bateria zein lagun zaharra, Jokin Andres (In Thousand Lakes) gitarra eta Isma Fernandez (Karonte) baxua.

Abiadura handiko eta tempo erdiko hamaika melodeath pieza tartekatu dituzte disko berrian. Hasieran aipaturiko dekadentziaren kontaketarako pasarte desberdinak erabili dituzte. Gordinak, goibelak eta ilunak. Del Valen riffak propioak dira, familia berekoak. Azkarren artetik azpimarratzekoak dira Dreamcatcher, Fire eta Beyond the Gates. Motelagoen artean daude biolentzia hizpide duen Tragicomic Day eta death suediarra omentzen duen Odyssey in Time. Doom metala, aldiz, ezin izan dute ezkutatu The Origin eta Bloody Scars abestietan.

Garai ezegonkorrean banda egonkortzea lortu badute, iritsiko zaie momentua lan berria zuzenean behar bezala aurkezteko. Material ona dute eskuartean, denborarekin indarra galduko ez duena.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Xtreem Music.

Abesti zerrenda:

01. Dreamcatcher
02. Fire
03. Tragicomic Day
04. Beyond the Gates
05. Odyssey in Time
06. The Origin
07. Dark Times For the God’s Creation
08. -273º K
09. Brainstorm
10. Crystal Bone
11. Bloody Scars

Hurrengo kontzertuak