
Legazpiko Elbereth metal bandak martxoaren 28an emango du azken kontzertua. Abenduan iragarri zuten moduan, Azken agurra, azken egurra izango da, eta beraien herriko III. Oholtza Bete Bihotz jaialdi-omenaldian parte hartuko dute, Koma beteranoekin batera.
Legazpiko azokan izango dira emanaldiak, 22:00etan, eta sarrerak 15 euro balio ditu. Helbide honetan eskuratu daitezke.

Boskoteak ohar honen bidez jakinarazi zuen agurra:
"25 urte dira lehen aldiz oholtza gainera igo ginenetik. Bidean hainbat kontzertu, entsegu, kilometro, bizipen eta garagardo elkarbanatu ditugu lagun askorekin.
Mende laurdena ez da urtero betetzen, momentu onak eta ez hain onak bizi izan ditugu. Mugarri asko bete ditugu, noiz edo noiz ametsak zirenak egia bihurtuz. Bost disko argitaratzeko aukera izan dugu, taula gainean inoiz pentsatu ahal ez genituen taldeekin aritzeko aukera izan dugu, eta hainbat lagun berri egiteko aukera izan dugu.
Hau guztia ospatzeko, etxean joko dugu, 'Oholtza bete bihotz' omenaldiaren barruan. Kontzertu oso berezia izango da, Andoni eta Iñurri omenduko ditugulako beste behin ere, eta 25 urteren ondoren, Elberethen azkena izango delako".
Boskoteak iazko urrian kaleratu zuen Omen (Basque Metal Country) bosgarren eta azken diskoa.