Electrikeel - Straight Outta Depths

Itsasoko herensugea atzetik segika dabil urtarriletik. Iruñeko Electrikeel hirukoaren Straight Outta Depths lehen diskoan azalean ageri den piztia da. Hozka egiteko prest dago, entzuleak irensteko. Haren sabelean topatuko duguna thrash metalaren, black metalaren eta crossover biziaren arteko borroka bat da.

Urrun geratu da 2019an aurkeztu zuten To Protect and Sever lan laburra, laburregia euren proposamena zein zen argitzeko. 2021eko udan Kingslayers singlea aurreratu zuten, eta, ordutik, denbora asko behar izan zuten diskoa Bite Studios-etan osatzeko. Zehazki, urte eta erdi. Azkenik, Joel Grind (Toxic Holocaust) arduratu da lana masterizatzeaz eta borobiltzeaz. Aipaturiko taldea aintzat hartzeko erreferentzia da, besteak beste.

Hirukoak aldaketa bat izan du estudiotik agertokietara. Asier Bendoirok (gitarra eta ahotsa), Xabier Rekaldek (baxua eta ahotsa) eta Dani Noguerak (bateria) grabatu zuten diskoa. Ordea, Noguerak uztea erabaki zuen, eta haren hutsunea Jon Lagunak bete zuen. Hirukoa berrituta dabiltza zuzenekoak ematen, eraginen arteko borroka hori plazaratzen.

Hamabi abesti, moldaketa bat eta hiru ordu laurden pasatxo ditu diskoak. Zartakoak ez dira oso motzak eta ezta oso luzeak ere. Straight Outta Depths diskoaren izenburu bera duen pieza da oparoena, eta The Offspring taldearen Da Hui kantaren bertsio bizkorra laburrena. We Were War, The Crawl of the Deceased, Punks eta Kingslayers bera dira hirukoak nahasten duenaren erakusgarri. Thrash metala beltzez tindatzeko tentazioari ezin diote eutsi. Piztiaren agindua izango ote?

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Itsasherensuge
02. Straight Outta Depths
03. We Were War
04. Beer Fueled Machine
05. Cold Fire, Dark Light
06. The Crawl Of The Deceased
07. Lightless World
08. Kingslayers
09. Hate Eternal
10. Punks
11. The Xenomorph
12. Till We Die
13. Da Hui (The Offspring cover)

Entzun:

Hurrengo kontzertuak