
Denborak urrea balio du, eta Oñatiko Latzen taldearen itzulerak merezi izan du. Batetik, zaleen eta kide batzuen aspaldiko nahia zelako. Bestetik, euskarazko heavy metala suspertzen lagundu zuen bandaren ekarpena motz geratu zelako. Hamazazpi urteren ondoren bueltatu ziren taula gainera, eta 27 urte geroago kaleratu zuten lan berri bat: Denboraren orbainak. Iazko abenduaren 5ean aurkeztu zuten Durangoko Azokan, eta aurki leku berera bueltatuko dira nobedade berezi batekin. Aitor Uriarte abeslari eta gitarristak tartea hartu galdera hauei erantzuteko.
Urtea betetzera doa Denboraren orbainak diskoa argitaratu zenutenetik. Nolako harrera izan du?
Denbora abiadura bizian pasatu da egia esan, orbainak ia sentitzeko astirik gabe [barrez]. Diskoak harrera ezin hobea izan duela iruditu zaigu, eta jaso ditugun iritziak eta hitzak esker onez jaso ditugu hainbeste lan egin ondoren. Ia urtebete atzera eginez, Durangoko Azokan ginen disko berria estreinatzen, eta orain dela hilabete izan zela dirudi.
Durangoko jaietan kontzertua jo berritan, berriz ere, Durangoko Azokara begira gaude ilusioarekin eta egin beharrekin buru-belarri. Aurten ere, geure postu propioa jarriko dugu, gure materiala eskaintzeko.
Zale zaharrak eta belaunaldi berriak erakartzea lortu duzue?
Oso polita izan da lagun zaharrak eta aurpegi ezagunak berriz ere hor ikustea. Horiekin guztiekin batera, baita ere jende gazteagoa Latzenen kamisetekin ikustea. Izan garen leku guztietan aurkitu dugu berotasuna, eta etxean bezala sentitu gara.
Urtarrilean abiatu zenuten lan berria zuzenean aurkezteko bira, iazko uztailean bi kontzertu berezi eskaini ondoren. Aurten, aretoetan, jaialdietan eta Euskal Herriko hainbat jaietan aritu zarete. Zein da egiten duzuen balorazioa?
Bai, Zorrotzako gaztetxean aritu ondoren, Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioan bueltatu ginen ofizialki. Gainera, 30. urteurrena zen, Latzenen lehen diskoaren urte kopuruarekin bat eginez. Momentu berezi horretan elkartu ginen, azkenean.
Gerora, esan duzun moduan, hiru fasetan laburbildu genezake urtea. Hasieran, Euskal Herriko aretoetan intentsitate berezi bat bizitzeko aukera izan genuen. Ondoren, Espainiako heavy jaialdi erraldoietan ere babesa sentitu genuen, txikitatik miretsi ditugun talde askoren taula konpartituz. Azkenik, Euskal Herriko jaiak iritsi dira, eta bereziak izan dira emanaldi guztiak. Oso pozik eta eskertuta gaude.
Kontzertu horietatik guztietatik, Oñatin, etxean, eskainitakoa izan da bereziena?
Kontzertu bakoitza mundu bat da, eta kontzertu berezi asko bizitzeko aukera izan dugu. Halere, egia da norberaren herrian, guztia hasi zen lekuan, hainbeste aurpegi ezagunekin aurrean, batzuk oso gertukoak direnak, beste emozio batzuk pizten direla. Gau magikoa izan zen.
Errepertorioari dagokionez, maketako eta hiru diskoetako abestiak tartekatu dituzue. Aldiz, emanaldiek aurrera egin ahala, azken laneko kanta gehiago jo dituzue. Kostatu zaizue aukeraketa egitea eta zerrenda egokitzea?
Bai, Denboraren orbainak lan berriaren bira zela argi genuen, eta argi genuen abesti berriek ere hor egon behar zutelako. Dena dela, urte askoren osteko buelta ere bazenez, kanta zaharrak mantendu eta berriak pixkanaka gehitzen joan gara. Prozesu horretan, esanguratsua izan da abesti berriak hain denbora gutxian klasikoen parean jartzea.

Herriko Burdina presente izan da zuen biran, gure kamiseta erakutsi duzuelako lan berriaren kontzertu birako kontzertu gehienetan, guztietan izan ez bada. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu. Bigarrenik, argi utzita guk eskatu gabekoa izan dela, zergatik erabaki duzue zuzenekoetan janztea?
Gustatzen zaigulako [barrez]. Gaur egun, beste musika mota batzuk bultzatzen dituzte, gero eta espazio zabalagoa hartzen ari direnak. Guk, ordea, euskaraz egindako metala bultzatu nahi dugu. Herriko Burdina erreferentzia egokia iruditzen zaigu komunitate horren bozgorailu eta erresistentzia bateratzaile gisa, metalaren esparru guztietan. Argi geratu da rock gogorrak ere Euskal Herrian baduela bere espazio zabala, eta Euskal Herritik kanpo ere horrela ikusten dutela.
Iazko Durangoko Azokan argitaratu zenuten Denboraren orbainak diskoa. Urtebete geroago, Kontzientzia ala infernua estreinako diskoa biniloan argitaratuko duzue berriz masterizatuta —plataforma digitaletan dagoeneko entzungai—. Lan horren 30. urteurrena behar den moduan ospatu nahi duzue?
Bai, askotan aipatu eta eskatu izan digutena da. Horregatik, aurten, 30 urte betetzen dituen Latzenen lehen diskoa nabarmendu nahi genuen. Taldearentzat esfortzu handia izan da zentzu guztietan hau aurrera atzeratzea, baina lortu dugu.
Edizio mugatua eta berezia egin nahi izan dugu, binilo bikoitza red marbled koloretan, azalarekin integratuz. Diseinu originala errespetatu dugu, Unai Aranak egotituta, eta Victor Sanchezek berriz ere masterizatu du. Gainera, bonus track gisa, 1998an besterik gabe Haritz Harreguyk soinu mahaitu zuzenean grabatu zituen bost abesti berreskuratu ditugu, gerora Jean Phocasek masterizatu zituenak orduko esentzia berreskuratuz.
Esan moduan, Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da, eta zuzenean eskura ematea gustatuko litzaiguke oparitxoren batekin batera, besteak beste. Ordura arte, gure webgunearen bidez egin daiteke aurretiazko eskaera, Durangora joan ezin direnek etxean bertan jaso ahal izateko.
Beste kontzerturik eskaintzeko asmorik duzue 2026a bukatu baino lehen?
Bai, Hatortxu Rock jaialdiak utzitako lekua hartu duen Aske festibalean izango gara, abenduaren 26an, Atarrabian. Halere, aurretik gaztetxeren batean ere joko dugu, eta data horiek laster iragarriko ditugu.
Eta 2027rako emanaldiak aurreikusi dituzue dagoeneko?
Bai, datorren urtean ere kontzertuak eskainiko ditugu, eta gogotsu gaude data berriak baieztatzeko.
Disko berri baterako abestiak eta ideiak lantzen hasi zarete?
Seriotasunez lokalean behar den moduan ez, baina etxean dagoeneko baditugu hainbat ideia [barrez].
Latzen geratzeko asmoarekin itzuli da?
Bai.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkiak: Iñigo Malvido / Kulturaz.