2023/12/15

Estreinaldia: Anker gipuzkoarren 'Erretako Malkoak' bideoklipa

Legazpiko Anker heavy/thrash metal laukoteak urrian plazaratu zuen Lurperatutako Istorioak bigarren diskoa. Primizian, Erretako Malkoak abestiaren bideoklipa ikus dezakezue jarraian. Aimar Ibarzabal (Ilun Produkzioak) musikari eta artistak zuzendu du Asier Imazen eta Axel Arrietaren laguntzarekin. Elbereth taldeko Iker Manso abeslariak kolaboratzen du kantan eta bideoan.

Lurperatutako Istorioak lan kontzeptuala da eta bederatzi pieza ditu. Gizagaitza estreinako diskoarekin lotura duela adierazi du laukoteak: "Aurreko lanean gizakiaren gabeziak izan genituen hizpide. Bigarren diskoan, berriz, gabezia horietatik eragindako giza bidegabekeriak ditugu oinarri. Besteak beste, lobotomia, pederastia, memoria historikoa, bullyinga, etxegabeak, askatasuna eta inkisizioa".

Ibarzabal berarekin grabatu zuten diskoa. Azala, berriz, Maria Alcelay artistarena da.

01. Izengabea
02. Lurperatutako Istorioak
03. Zendutako Garunak
04. Erretako Malkoak
05. Ezintasunaren Izenean
06. Zutik Begira
07. Garrasia
08. Itzala
09. Amen

Lehen aurrerapen moduan, diskoaren izenburu bera duen abestia eta bideoklipa estreinatu zuten. Ibarzabal arduratu zen zuzendaritzaz. Asier Enbil (Asgarth) eta Zuberoa Aznarez (Diabulus In Musica) abeslarien kolaborazioa du.

Lurperatutako Istorioak lana osorik entzun dezakezue laukotearen Bandcamp atarian, eta plataforma digitaletan. Diskoa formatu fisikoan ere eskuratu daiteke beraien bitartez.

Anker taldea lau musikari hauek osatzen dute: Joanes Legarda-Ereño (ahotsa eta gitarra), Eneko Altzelai (gitarra), Unax Anza (baxua) eta Jon Unzurrunzaga (bateria).

Hurrengo kontzertuak