2025/05/26

Estudioan: Basati, Kimule eta Fear Crowd

Sortzea, grabatzea eta doinu berri horiek zuzenean aurkeztea da Euskal Herriko heavy metal talde askoren helburua. Horretarako, estudiotik pasatzea ezinbestekoa da. Lan horietan dabiltzan hiru talderen berri eman nahi dizuegu.

Tolosaldeko Basati heavy metal banda bigarren diskoa grabatzen ari da Asuako Chromaticity Studios-etan. 2020koa da haien izen bereko estreinakoa, eta, ondo bidean, bost urte beranduago plazaratuko dute lan berria.

Suhuskuneko Kimule death/groove metal taldeak lan berriaren grabazioa abiatu du Eric Dorléansekin (Notos Productions). 2023an kaleratu zuten Eskorgatra aurreneko lan interesgarria.

Bilboko Fear Crowd heavy metal bandak ez du denbora galtzeko asmorik. Dagoeneko disko berria grabatu dute Koba estudioan, Xanperen gidaritzapean. Une honetan, nahasketak egiten ari dira, baina argitaratzeko ez dute datarik zehaztu. Iazko maiatzean, Marko Jones lagunari eskainitako abestia aurkeztu zuten

Estudioan murgilduta beste horrenbeste talde dabiltza. Besteak beste, Kartzarot, Sugoi, Krait, Disharmonik, Deimocracy, Biersbreaker, Hortzak, Rise To Fall, Latzen, Shallow Waters, Meliora eta Ztah.

Hurrengo kontzertuak