Gero eta gertuago dago Euskal Metalheads Fest jaialdia. Urriaren 18an izango da Miribillako Bilbo Arenan, eta falta zen seigarren taldea iragarri dute: Kataluniako Crisix thrash metal banda.
Egiari zor, bat baino gehiago ezustean harrapatu du baieztapenak, boskotea geldirik dagoelako —2024ko azaroaren 23an eman zuten azken kontzertua—. Salbuespen gisa, Bilboko elkartearen 20. urteurren festan parte hartuko dute emanaldi berezi batekin.
Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika, Anestesia, Angelus Apatrida eta Eraso! bandek osatuko dute kartela, eta seguru egun ahaztezina izango dela askotariko zaleentzat.
Antolatzaileek sarrera asko saldu dituzte dagoeneko, baina oraindik agortzetik urrun daude. Joan nahi duenak, elkartearen webgunean eskuratu dezake sarrera 66,6 euroan.
Era berean, Divertis atariaren bidez herri hauetatik Bilbora joateko autobusak erreserbatu daitezke: Altsasu, Arrasate, Beasain, Donostia, Eibar, Errenteria, Gasteiz, Irun, Iruña, Ordizia, Tolosa edo Zarautz.