Feelingless - Metal Against Animal Cruelty

Bertuteak eta gabeziak. Gizakion balioak neurtzeko bi aldagai esanguratsuenetakoak dira. Batez ere, jendarteari begira. Bertuteei baino gehiago erreparatzen diegu gabeziei, tamalez. Paradigma hori iraultzea da gure erronka, begi onez ikusteko gauzak, muturra okertu beharrean. Hugo Markaida musikari bizkaitarrak bakarkako proiektua izendatzeko Feelingless izena aukeratu du. Gabeziarik ez du, ordea. Sortzaile gisa dituen bertuteak azaleratu ditu.

Rise To Fall taldearekin ibilbide luzea darama Markaidak. Death metal melodiko eta modernoaren esparruan hazi da, eta bere sormen gaitasunaren arabera hezi eta heldu du aipaturiko banda. Mugarik gabe aritu den arren, musikari moduan duen ikuspegia askoz ere zabalagoa da. Horregatik, Feelingless proiektua ez da Rise To Fallen kopia bat, antzeko oinarria badute ere. Melodeath doinuekin batera, heavy metala, power metala, groove metala eta metalcorea bildu ditu, besteak beste, Metal Against Animal Cruelty estreinako diskoan.

Izenburuak argi dioenez, animalien esplotazioaren eta tratu txarren kontrako lan kontzeptuala da. Markaidak irabazi guztiak dohaintzan emango dizkie esparru horretan lanean diharduten elkarteei. Pasa den abendutik hona pilaturikoa ez da gutxi, batez ere, nazioartean harrena ona izan duelako. Gurean, berriz, nahiko oharkabean pasa da hemengo metalzale askok estimatu duten arren.

Esan moduan, bertute asko eta gabeziarik gabeko diskoa da. Hamaika abesti ditu eta beste horrenbeste kolaboratzaile. Horietako asko metal munduko musikari ezagunak dira. Esaterako, Soilwork taldeko abeslari Björn Speed Strid. Haren partaidetza bikoitza da, eta lanaren abiapuntua den Feelingless kantarekin egitasmoaren muina ondoen islatzen du Markaidak bere laguntzarekin. Hortik aurrerakoa askotariko bidaia da, bidelagun interesgarri askorekin: Anguish Jon Howard abeslariarekin, Love Disarmonia Mundiko bikotearekin, Hope Christian Älvestam handiarekin, Pride Daniel Heiman tamaina bereko abeslariarekin eta Rage Mikael Sehlin ezustekoarekin.

Estudiotik taula gainera eramateko proiektu zaila dirudien arren, ia ezinezkoa, Markaidak ez du erabat baztertu. Era berean, bakarkako egitasmorako kanta berriak egiten ari da.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Noble Demon.

Abesti zerrenda:

01. Feelingless
02. Anguish
03. Peace
04. Love
05. Hope
06. Nostalgia
07. Guit
08. Pride
09. Fear
10. Rage
11. Anxiety

Hurrengo kontzertuak