Fractality - Demon

Death metalaren zaletasuna ukaezina da Elgoibar eta Ermua inguruan, herri bizkaitarrean, esaterako, udal jaien programazioan bertan aukera izan dugu muturreko metal kontzertuak ikusteko, eta hori nabarmentzekoa da joera instituzional nagusia berbenen edota olatuaren gorenean diren talde entzungarrien aldekoa izan ohi den garaian. Jatorriz zonalde horretakoak izan eta sormenaren munduan hasiberritik gutxi duten bost musikarik osatzen dute hain justu Fractality taldea.

Eskola zaharreko death metalaren aldeko apustua da eurena eta estiloaren jarraitzaile sutsu izanda, badute konposiziorako trebezia, entzunaldi gutxitan buruan iltzatuta geratzen baitira abiada bizia eta tenpo geldo bezain astunak tartekatzen dituzten riffak. Bonbo bikoitzeko bateria bizienek sostengaturiko pasarte erritmikoek Suffocation edota Decapitated banden disko zaharrenak ekar diezazkioke gogora entzuleari, Tortured eta gaztelaniaz kantaturiko Horrorizados abestietan nabari dezakegu honakoa bereziki. Trapped in the Past bestiak, aldiz, badu harremanik Morbid Angel basatienekin. Dena den, izen handiko taldeekin alderatzea baino komenigarriagoa da boskotearen lana bere horretan balioztatzea.

Laburrada Demon EPa, kanta sendoz osatua eta duintasunez ekoitzia Ekaitz Garmendiaren eskutik (Legen Beltza, Extinction). Hainbeste riff eta erritmo aldaketaren artean, ordea, akaso faltan soma liteke taldeak egituraren bat errepikatzea pasarte jakinak gogoangarriago bilaka daitezen. Hori eta entzuleari death metalaren indarra erabateko basakeriaz helaraziko dion ahotsa lantzea lirateke boskotearen erronka nagusiak, laster ailegatzea espero dugun iraupen luzeko lehen lanean.

Beteranotasunak euren alde jokatu beharko luke zuzenekoen lurrazpiko zirkuituan, izan kontzertu mamitsuak lotzerako garaian edota denbora luzez landutako abileziak oholtza gainean islatzerako orduan. Death metala maite dute, beraz, euren pasioa findu eta publikoari transmititzea besterik ez zaie falta.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Tortured
02. Devoured by Rats
03. Horrorizados
04. Trapped in the Past

Entzun:

Hurrengo kontzertuak