Gabezia - Bilanx

Poligrafoari begira gaudela, hedabideen itzaletan geratuko dira musika argitalpen asko. Durangoko Azokaren betekadak digestioa asko zailtzen du, eta noski, plazara ez bazara aurkezten ez zara existitzen. Azaroa bukaeran Lasarte-Oriako Gabezia taldeak Bilanx lehendabiziko diskoa kaleratu zuen. Argitalpen multzotik nabarmentzeko arrazoiak ditu. Atabismoa kantuaren bideoklipa atera zutenean jokoz kanpo geratu ginen bat baino gehiago. Diskoak sentsazioa berresten du. Lehen entzunaldiak bigarren bat eskatzen du, eta denbora da eskaini nahi diozuna. Ezberdina den zerbait dauka: freskotasuna.

90eko hamarkada erditik aurrera metal alternatibo amerikarra munduratu zenean, bazter guztiak kolpatu zituen. Euskal Herrian Pi.L.T, Jousilouli, Ekon, Eraso! eta Berri Txarrak taldeek hartu zuten testigua. Euskaraz metal musika gaurkotu zitekeela erakutsi eta harrera ona izan zuten. Baina belaunaldi hartatik bakar batek bete ditu bi hamarkada. Gazte hasi ziren, Gabezia gipuzkoarrak bezala. Duela bi urte taldea sortu zutenetik Gizakia etsai lan laburra atera eta estreinako diskoarekin ausartu dira. Metal alternatiboak izandako eboluzioa gertutik segitu dute, baina entzundakoari buelta bat ematen saiatu dira. Batzuk hasitako bideari segida berri bat ematera datoz.

Jorge Oteizarenak dira aurreneko hitzak. Iparmendebaldeko jainkoa sarrera epikoak jasotzen ditu bere esanak. Poesia du hizpide, hitzen garrantzia. Mezu hori ondo barneratu du laukoteak. Metal doinu indartsuen ertzak letra gordin eta ilunekin higatzen dituzte. Julenen gitarrak jartzen du oreka. Riff pertsonal bezain aldakorrek gidatzen dute diskoa. Esaterako, pasarte, erritmo aldaketa eta mezu interesgarriak topatuko ditugu Aszeta gorena kantuan: “Eguzkia atera zen, ilargia atera zen. Zenbat denbora behar du egiak argia ikusteko?”. Lasaiagoa dira, ustez, Kitea Takite eta Maitasun kontuak. “Urritasun sentimentala, itxuraren funda mentala, garai honen eritasuna: gabezia”. Davidek bere ahots erregistro zabala agerian uzten du. Urratua, melodikoa zein tartekoa. Groove kutsu gehiago eta soinu potoloa dute Bidaiari iluna eta Kondena bikoitza kantuek. Metalcore fenomenoarekin ere bat egiten dute (Ideien Trafikoa) eta post-hardcoreak ere badu bere lekua (Trantsizioari Ipuina).

Pozgarria da horrelako ezustekoekin topo egitea. Metal hitzak koxka bat beherago kokatzen zaituen garaian, apustu berritzailea egin du Gabezia talde gazteak. Zuzenekoetan behar bezala defendatzeko aukera badute, bidea egiten hasi daitezke. Bitxikeria gisa aurreratu daiteke, kontzertuetan Bob Esponja marrazki bizidunen abestiaren bertsio moduko bat egiten dutela. Gainerakoan serio hartzeko modukoak dira.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak