2018/06/24

"Gure kantekin berriz ere hunkitzea lortu dugu"

Hamar urteko ibilbidean hiru disko plazaratu eta kontzertu mordoa eskainiz, euskarazko heavy metala publiko zabalera gerturatu zuen Mendeku Itxua talde usurbildarrak. Gizarte gaiak ahotan eta doinu melodikoak eskuetan, erreferentzia bilakatu zen metaletik haragoko zirkuitu kulturalean. 2013an, ordea, lozorroan sartu zen laukoa eta bost urte geroago, indarrak berrituta itzuli da. Oholtza gainera bueltatu berritan hitz egin dugu taldeko bateria jotzaile Martin Larrañagarekin.

Bost urte igaro dira taldea etetea erabaki zenutenetik. Atzera begiratuta, zer da denbora horretan gehien aldatu dena zeuen baitan?

Denok beste pertsona batzuk garela. Lehen ez genekien bizitzan non geunden, orain, ordea, bizitza bideratuta daukagu profesionalki eta horrek komoditatea eman digu, baita gauza batzuekiko perspektiba ere. Atzera begiratu eta egindakoa baloratzeko beste begi batzuk ere eman dizkigu, lortutakoa oso gustuko dugula ohartzeko.

Etena 2013an egin zenuten Piztien Pare diskoa aurkeztu ostean. Harrera ona izan zuen hirugarren lan horrek eta metal zaleak soilik ez, euskal gazteriaren espektro zabala erakarri zuen. Zein da honen arrazoia?

Mendeku Itxua ez da inoiz izan oso muturrekoa metala egiterako orduan, denok entzuten ditugu mila talde eta ez gara inoiz erori alde batera edo bestera. Azken diskoan thrash metal riff indartsuak daude, inoiz jo ditugun heavyenak, baina pop pasarte melodikoenak ere bai, poparen gauza onenak ere gustatzen baitzaizkigu. Beti izango gara errepika melodikoak kantatzeko talde erraza. Kanta bat jotzen dugunean gustatzen zaigu handitasuna eta melodikotasuna, buruan sartu eta iltzatuta geratze hori.

Ohiko metal zirkuituan baino, presentzia handiagoa izan zenuten herriko festetan. Horrek eraginik izan zuen bestelako publikoa erakartzerako orduan?

Mendeku Itxuak gauza on bat izan du, txosnako taldea izan garela. Berdin zaigu aurretik raperoak edo punkiak egotea, ez zigun eragiten ez guri ezta antolakuntzari ere. Gu izatez heavyak gara, baina baita punkiak ere, eta ez gara inoiz estilo batekin ezkondu, ez dugu geure burua mugatu zirkuitu zehatz batera eta horrek asko eman digu. Neuk ere ez nuke jakingo heavy metalaren barnean geurea zehazki non kokatu. Gure bertutea kontzertu asko eman eta toki askotan egotea izan da.

Askok ez dute jakingo nazioartera ere egin zenutela irteera, Alemaniara zehazki. Eman iezaguzu abentura honen berri.

Bigarren diskoaren inguruko garaian taldeko baxu jotzaile Iñigitoren lagun bat Alemanian zebilen eta Aste Santuan gaztetxe zirkuitu batean sartu gintuen. Lau egun segidan aritu ginen zuzenean eta berezitasuna izan zen, gure harridurarako, egun batean bakarrik jo genuela kontzertua talde heavyekin, gainerakoetan oso punkiak ziren bandekin aritu ginen. Harrera ona izan genuen, bertakoek bereziak ginela sentitu zuten eta euren aldetik berotasuna jaso genuen. Esperientzia ederra izan zen eta, labur bada ere, bira bat zer den ikasi genuen. Kontzertua eman, lo egin, hurrengo egunean jaiki eta segidan beste herri batera gidatu, maletak utzi eta hurrengo aretora joan… eta horrela etengabe.

Hamar urteko ibilbideak, zuzenean etengabe jotzeak… atsedena eskatu zizuen?

Taldea sortu genuen garaian bertsio banda oso gutxi zeuden, eta gure lau kantarekin batera Su Ta Gar, EH Sukarra eta beste talde batzuen bertsioak joaz hasi genuen bidea herriz herri, baita herri bereko auzo ezberdinetan ere. Kontzertu eskaintza denei bai esaten genien eta bi urtez etengabe aritu ginen. Auzoko festak, txosnak, gaztetxeak… beti han ginen. Aurreko baxu jotzaileak horrexegatik utzi zuen taldea, ez zuelako erritmo horretan segitu nahi. Dinamika batean sartu ginen non udarak gogor joan ohi ziren kontzertu izugarri pilarekin eta hor tartean bi disko ia segidan ateratzea ere ez zen erraza izan (Indarrak Batuz, 2009; Piztien Pare, 2010). 2010 urteko udara osoa igaro genuen Piztien Pare prestatzen, geure buruari asko exijitu genion eta denok lan handia egin genuen maila jakin batera iristeko. Horrek neke puntu bat eragin zuen taldekideongan. Atsedena behar genuen, azken batean, kontzertu erritmo handiko beste bi urteren ostean, zuzenekorik gabeko asteburuak entseatzen igarotzen genituelako. Gure artean, ordea, ez da arazorik izan, etena naturala izan zen eta orain, bakoitzak bere bizitza ordenatuta, errazago daukagu entseatzeko eta elkartzeko aukera.

Dena den, denbora honetan zehar beste musika proiektuetan ibili zarete, zeintzuk dira eta zein ekarpen egin dizuete bakoitzari?

Iñigitok Usurbilgo Floxbin metal talde industrialean jotzen segitu du, esperientzia handiko herriko musikariekin, Anderrek gitarrarekin segitu du Ganbarakada, herriko musika eskolako taldean, eta Ixakek musika ofizio du, irakaslea da, Izeberg proiektu pertsonala ere egin zuen, bertso musikatuetan parte hartzen du etab. Nik une batean ez nuen faltan bota talde batean jotzea, nire kabuz lokalera joan eta bateria jotzen jarraitu nuen, baina besterik ez. Dena den, harrituta geratu naiz neure buruarekin oinarria ez dudalako galdu eta, berriz ere kantak erabat ondo jotzera iritsi ez arren, oinarria mantendu dudalako.

Zein sentsazioa izan dituzue bost urteren ostean lokalean berriz ere elkartu eta kanta zaharrak jotzean?

Gure kantekin berriz ere hunkitzea lortu dugu, jotzeaz gain, entzule gisara ere gozatzeko modukoak direla ohartu gara. Balio izan digu tarte honek ohartzeko egindako lana harro egoteko modukoa dela eta berriz ere jotzeak merezi duela.

Eta oholtza gainean, zaleekin partekatzean?

Sekulakoa izan zen, bultzada handia eman eta gauzak bide onetik doazela ohartzeko ere balio izan digu. Gure asmoa zen 2019 urteari begira lan egitea, baina Usurbilgo kontzertua suertatu zen eta aurrez Oñatiko aukera, beraz, honakoa proba modura hartu genuen. Gure harridurarako, gazte asko zeuden taldea lehen aldiz ikusten zutenak zuzenean, hogei urtetik beherako gazteak abestiak lehen minututik gogo biziz kantatzen, jende mordoa Euskal Herriko txoko ezberdinetatik ere gerturatu zen… beti izan dugu tokian tokiko gertuko jendea, herri bakoitzean jarraitzaile sutsuak, baina abentura honetara itzuli eta lehenengo emanaldian bertan gaztetxe osoa kantatzen ikusteak jarraitzeko gogo gehiago eman digu.

Datorren larunbatean Usurbilen eskainiko duzuen kontzertua are bereziagoa izango da. Herrian, festa giroan… sorpresarik izango al da?

Herriko festak izango dira, lau taldekideak usurbildarrak gara, eta beste edozeren gainetik herrikoentzat pentsatutako kontzertu bat da. Herriko jendeak esaten digu gogoz daudela euren gaztetasuneko kantak berriz ere entzuteko. Azken batean, Usurbilgo auzo guztietan jo izan dugu, urtero deitzen ziguten guztietatik, maitatuak ginelako. Gure belaunaldiko herriko gazte gehienek bizi izan dute Mendeku Itxuaren kanten erritmora parranda eta eurek garai bateko ohiturak gurekin lotzen dituzte. Hori bizi nahi dute berriz ere. Baina belaunaldi berri bat ere badago, musika lokalak gaztez josita daude eta geu ikusteko gogotsu.

Uda parteko bi kontzertuez gain, abenduaren 1ean Donostian izango zarete, Altzata Rock jaialdian. Zeintzuk dira zuen etorkizuneko planak?

Pasa den urteko Gabonetan berriz ere entseatzen hasi ginenean uda honetan Usurbilen jotzea ez genuen pentsatu ere egin, baina lokaleko gazteek herriko festak antolatzen dituzte eta proposamen horrek arrazoi bat eman zigun entseguei jauzi kualitatibo bat eman eta kanta denak ondo jotzeko. Baina kontziente ginen benetako Mendeku Itxua izateko beste jauzi bat eman behar genuela, eta horretarako denbora behar genuela. Horregatik negua lotzea dugu helburu, gustura ibili garen tokietara bueltatu eta kontzertuak ematea, eta ondo funtzionatzen badute hurrengo urteko udara lotzea. Oraingoa abiapuntu modura hartu dugu, baina gure helburua da koxka bat gehiago igotzea eta hori hurrengo urtean islatuko da.

Itzulera hau motorrak berotu eta musika berria prestatzen hasteko lehen pauso bezala ere uler ahal genezake?

Bere garaian kanta batzuk, melodia eta riff solteak… osatu gabe geratu ziren, baina oraintxe taldean ez daukagu hori berreskuratzeko beharrik, ez da lehentasuna. Instrumentuak hartzean ez gaude riff berriak jotzen, zaharrez gozatzen baizik. Oraindik gure kantez disfrutatzen ari gara, fase horretan gaude. Entseguak igaro ahala ziur riff berriak atera eta martxan jarriko garela, baina hori modu naturalean izango da. Oraingoz neguan eta 2019ko udaran jarri nahi ditugu indarrak, zuzenekoetako itzuleran.

Musikazale zareten aldetik irudipena dugu Euskal Herriko zirkuitua gertutik jarraitzen segituko zenutela. Zenbateraino aldatu da denbora honetan zehar, sumatzen al duzue berritasun esanguratsurik?

Ni pertsonalki musika proiektu batean ere egon ez naizenez, pixka bat kanpo nago, baina nabarmenduko nukeena da zirkuitu orokorrean Su Ta Garrez gain ez dela ikusten indartsu sartu den beste talderik. Festetako edozein programa begiratuta Berri Txarrak da distortsioa entzun nahi izanez gero aukera seinalatua. Lehen Gazte Abertzaleen festibaletan halako kontzertu ugari topa zenitzakeen, Koma, Soziedad Alkoholika, Ekon eta beste hainbat. Orain, ordea, festibal nagusien programaziotik desagertu dira rocka eta metala. Donostiako Piraten Flamenkan ere ez dago metalik. Underground zirkuituan beti dago mugimendua, baina Arabatakada, Hatortxu Rock, euskararen edota ikastolen aldeko topaguneetan… hutsunea dago. Ezagutza aldetik ere, metal musikan barneratuta ez dagoen euskaldunen gehiengoak ez du, esaterako, Gojira taldearen berririk, eta nazioartean goi mailan ari da mugitzen Baionako taldea.

Rocka hilik dagoela entzun izan dugu azken aldian hedabide zein euskal musikari hainbaten ahotan. Zein ikuspuntu duzu honen inguruan?

Konbentzituta nago irratian entzuten dena eta norberak etxean entzuten duenaren arteko tarteak handia izaten jarraitzen duela. Jende askok segitzen du duela hamabost urte edo gehiagoko musika entzuten, gaur egungo talde gutxik lortu dute jendeak euren disko guztiak etxean edukitzea. Duela hamar urte ere esaten zen rocka hilda zegoela, baina Kobetasonik, Azkena Rock eta abarretara hortxe agertzen ginen milaka eta milaka pertsona. Lehen lerrotik at eta modan ez egon arren, musika horrek bizirik jarraitzen du. Jendeari zer esana eman dioten rock kanta eta disko handiek indartsu segitzen dute, euren bizitzako une garrantzitsuekin lotzen baitituzte askok.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak