
Infernuaren atarian bizitzea ala hil orduko infernura joatea da helburua? Aitortu behar da talde batzuen izenak oso iradokitzaileak direla. Metala jorratuz bidea egitea ere izan daiteke HellMugan taldearen benetako helmuga. Oreretako seikoteak Iluntasunean babesten iraupen luzeko abiapuntua plazaratu du, oinarri sendoekin egituratu dutena.
Lehenik eta behin, Iñaki Holgado ilustratzaileak egindako azal erreala bezain esanguratsua da nabarmendu behar dena. Adimen artifizialaren erabilera joera bihurtzen ari denean, eskertzekoa da gipuzkoarrek kontrako norabidea hartu izana. Horri gehitu behar zaio plataforma jakin bati uko egin izana, haien doinuen hedapena gutxitu dezakeen arren.
Horrela ere, mugarik ez dago haien lanean murgiltzeko. Euskarazko groove metala da jorratzen dutena, beste talde batzuekin parekatu daitekeena: Elbereth, Kimule eta The Kraven, besteak beste. 2023an aurkeztu zuten lan labur onaren ildokoa da diskoa. Bederatzi kanta ditu, organikoa da eta haien zuzenekoetako esentzia mantentzen du.
Indargunea, berriz, bi ahotsen erabilerarekin lortzen dute. Joseba eta Iban abeslariak ondoen uztartzen diren piezak dira adierazgarrienak. Esaterako, Garrasia, Usteltzen eta Festa kanposantuan. Horrez gain, Gomi eta Ayar gitarristen riff sorta ere aipatzekoa da, abesti guztietan topa daitezkeelako buruan geratzen direnak. Hori al da benetako helmuga?
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Garrasia
02. Lotura
03. Hobe gu gabe
04. Usteltzen
05. Jainko berriak
06. Zazpi buruko piztia
07. Iluntasunean babesten
08. Festa kanposantuan
09. Wolves calling