Hex - Behold the Unlighted

Iluntasunaren antzera, musikak ez du iraungitze datarik. Hex bizkaitarrek martxoan plazaratu zuten Behold The Unlight lan laburra, eta dituen hiru abestien oihartzuna ez da apaldu. Iraila bukaeratik binilo formatuan entzun eta eskura daiteke. Bigarren aukera hau probestuko dugu lan honi hitz batzuk eskaintzeko. Izan ere, orain arteko esanguratsuena da sormenari eta soinuari dagokionez.

Argitasunik gabeko zulo sakonean zailduriko death/doom metala islatzen dute hiru piezek. Gordinak, pisutsuak, xuxurlariak eta makurrak dira. Gainera, basakeria arruntetik aldentzen dira. As Darkness Descends Upon You aurrenekoarekin, lur azpira jausten gara piano batek lagunduta. Ildo beretik, hondora garamatza Impending Doom Towards Darkness zuzenagoak, eta aterabiderik gabe uzten gaitu ...And Thus Spoke Darkness hirugarren eta azkenak. Beraiek aitortu moduan, Paradise Lost eta Bolt Thrower erreferenteen batura da gogora ekartzen dutena.

Adolfo Cantoya gitarrista sortzaileak urtetan landurikoari merezi duen forma eman dio. Jonathan Pernia abeslaria eta Jon Esteban gitarrista izan ditu bidelagun, bandari beste dimentsio bat eman zionetik. Boskotea, berriz, Denial taldean ibilitako bi musikarirekin berrosatu du; Manex Akerburu baxu jotzailearekin eta Rober Garcia bateriarekin. Seigarren bat ere aipa daiteke, albo kalte ontzat: Ekaitz Garmendia musikari eta teknikaria. Harekin Black Storm estudioetan lortu duten soinua da Hex taldeak behar zuena.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Vertebrae / Negre PlanY / Hecatombe Records / BlackSeed Productions / Burial Records / Pathologically Explicit Recordings

Abesti zerrenda:

01. As Darkness Descends Upon You
02. Impending Doom Towards Darkness
03. ...And Thus Spoke Darkness

Entzun:

Hurrengo kontzertuak