Hex - Let There be Darkness

Estudio proiektu gisara sortu zuen Hex 90eko hamarkadan Euskal Herriko hainbat muturreko metal taldetan aritutako Adolfo Cantoya musikari beteranoak. Zazpi bekatu kapitalak hizpide, Deadly Sins estreinako diskoa plazaratu zuen proiektua sortu eta urtebetera, 2013an, baina lau urte geroago hartu du taldeak forma osatua, zuzenekoetara jauzia eginez.

Izenak berak dioen bezala, iluntasunean murgilduko gaitu Let there be darkness lan laburrak, entzuleari Cathedral edo Paradise Lost gordinenak gogora ekar diezazkioketen doom pasarteak death metalaren eremura hurbilaraztean eraturiko ur zingiratsuetan. Erritmo geldo eta riff astunen entzunaldia gozagarri bilakatzen da hasieratik, konposizio sinple bezain eraginkorrei esker. Egituren errepikatzeak eta kantuak fintzerako orduan zaindutako xehetasunek eragiten dute boskote bizkaitarraren doinuak entzulearen oroimenean geratzea. Jainkotasun ororen sinesleen aurkako kritika zorrotza aldarrikatzen duten Thy kingdom gone eta Worshipping falsehood basatiekin batera, 2013ko Anger kantaren bertsio berrituak osatzen du EPa. Hiru abesti besterik ez dira, aurkezpen gutuna azken batean, baina bandaren trebeziaren berri izateko baliagarri. Berrituriko kantua da, hain justu, taldeak soinuaren alorrean zein jotzeko eran eman duen aurrerapausoaren erakusle.

Aipatzekoa da, halaber, Cantoyak urteen poderioz metal zirkuitu bizkaitarrean esperientzia pilatu duten musikariak bildu dituela Hex pauso bat harago eramateko, tartean dira Virulency, Incursed eta Ferosz taldeetako kideak. Taula gainean estreinatu eta berehala jaso dute onarpena, Bilbo Hiria lehiaketako metal saileko garaikur nagusia; orain erronka dute euren sormenerako abilezia osotasunean gizarteratzeko balioko duen lan luzea borobiltzea. Gustura edango dugu berriz ere iluntasunaren iturburutik.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Thy kingdom gone
02. Worshipping falsehood
03. Anger

Entzun:

Hurrengo kontzertuak