Hilbera - Mundu Galdua

Oraindik ez dugu galdutzat emango, baina ez dakigu garaiz ote gabiltzan. Munduari begira jarri da Markina-Xemeingo Hilbera taldea, eta ez du gustuko ikusten duena. Horrela ere, itxaropen argirik ba omen da Mundu Galdua estreinako diskoan. Atzean utzitako hondamendia konpondu ezin denez, datorrena behar bezala zaindu beharko. Urtarrilean plazaratu zuten lana, eta, denbora pasa den arren, atzean utzi ezin den horietakoa da.

Maiz aipatzen da freskotasuna aurreneko grabazioetan nabaritzen dela gehien. Boskotearen kasua ez da salbuespena izango. Beraien abestiek belarritik tira egiten dizute entzun orduko. Proposamena ez da ohikoa, eragin eta osagai desberdinak nahastu dituztelako. Heavy metala, muturreko metala eta eragin modernoak naturaltasunez uztartzea gustuko dute. Gainera, Endika Arizmendiarrietaren ahotsa arrotza izan daiteke lehen kolpean, baina entzunaldiekin sentsazio hori desagertzen da. Pentsa, originala izateraino.

Intro eta outro klasikoak erabili dituzte azaletik mamira islatu duten kontzeptuari hasiera eta bukaera emateko. Formula hori oso erabilia izanik ere, badu bere logika. Aldiz, bi pieza instrumental horien artean topatuko duguna ez da formula errepikakor batera mugatzen. Pasarte bilduma aberasgarria topatuko dugu kantu guztietan. Adibide onak dira Azken Aukera, Infernuko Ilargi, Mundu Galdua eta Denboraren Balioa. Heavy, thrash, black eta groove metal doinuak elkarren artean jostea posible da.

Nerea Ibarzabal herrikide eta bertsolariak egin du abesti esanguratsuenaren letra. Julen eta Gotzon Mandiolaren familiako bizipen batean oinarritu da Oroitzapen Ahaztuak idazteko. Egia esan, lan osoko pieza borobilena da bere osotasunean hartuta. Izen eta abizenak aipatzen hasita, Ekaitz Garmendia musikari eta teknikaria ere aipatu behar da, beste behin ere. Bizkaitarren aipaturiko freskotasuna bere horretan jasotzea lortu, eta beraien musikari beste balio bat eman dio. Mundua galdua da, baina ez ezazue disko hau galdu, mesedez.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Azken Aukera
03. Infernuko Ilargi
04. Oroitzapen Ahaztuak
05. Mundu Galdua
06. Genesis
07. Zu Zeu
08. Garrasi Mutua
09. Denboraren Balioa
10. Outro

Entzun:

Hurrengo kontzertuak