Hortzak - Heriotza ala Hil

Gau ilunean, lanbroa artetik agertu dira zaunka eta haginka eginez. Hortzak taldeak tantaka aurkeztu zituen Heriotza ala Hil lehen laneko hamar hozkadak, eta dagoeneko sarean entzun daitezke guztiak. Formatu fisikoan ale gutxi batzuk kaleratu zituzten, eta eskuratu dutenek ondo gorde beharko lukete. Bestela, heriotz zigorra jasotzeko arriskua izan dezakete.

Paul Urkijo zinemagilea da abeslaria, David Zabala gitarrista, Asier Gabiola bateria eta Txomin Laka baxua. Urkijok bandaren gidaritza gainetik kendu badu ere, agerikoa da bere presentziak fokuak bere aldera eraman dituela. Kameren atzean egon ohi da, itzalean. Oraingoan, ordea, askok ezagutzen ez zuten bere ahotsa aurkeztu du, urratuz, oihukatuz eta bihurrituz.

Laukoteak elkarrekin izerditu duenak rock eta metal pisutsuaren usaina du. Doom, sludge eta death'n'roll zikinarekin harrotzen dira. Kantuen hatsa, berriz, lehorra eta zakarra da. Urkijok bere zinemagintzan jorraturiko iruditeria erabili du beldurrezko istorioak kontatzeko, alegiazkoak bezain errealak. Film labur zein luzeetarako kontakizunak dira, musikatik zinemara erraz asko eraman daitezkeenak.

Gorrotoarekin hasten dena galtzaile edo irabazle izatearen hausnarketarekin bukatzen da. Abestien izenburu batzuk ere adierazgarriak dira: Jainkosa Hirukoitza, Aingurak Heltzen Ez Diren Lekura, Printze Adarduna, Otsoak Ulu eta Saturnoren Seme-Alabak. Guztiek dute metal/rock pisutsu horren askotariko esentzia. Letra gordinak dituzte, baina gordinena gaztelaniazkoa da. Dame Like latza da, benetan. Sare sozialek eragiten duten itxurakeriaren soinu banda bikaina da.

Gustuko izan edo ez, lehen entzunaldiarekin ausartu beharko lukete doinu pisutsuen zaleek. Bizirik irauteko putzuak, jainkoak, aingurak, printzeak eta otsoak gainditu beharko dituzte. Behin hori lortuta, laukotea zuzenean ikustea exijitu dezakete. Ahal denean, taula gainera igoko ote dira?

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Gorroto
02. Putzuetan Gora
03. Jainkosa Hirukoitza
04. Aingurak Heltzen Ez Diren Lekura
05. Printze Adarduna
06. Hurrengo Kolperarte
07. Otsoak Ulu
08. Dame Like
09. Saturnoren Seme-Alabak
10. Galtzaile Garaile

Hurrengo kontzertuak