2025/01/29

Hostoak bandak 'Ostera' diskoaren xehetasunak iragarri ditu

Oarsoaldeko Hostoak post metal bandak otsaila bukaeran argitaratuko du Ostera diskoa. Hamabi abesti izango ditu, eta beraien kabuz grabatu dituzte. 

Lezoko Olmo Cascallar (Gamora, Criminal ohia) musikariaren proiektu propioa da, eta taldea Ekaitz B. Azpeitia (ahotsa), Nikolas Yurramendi (baxua) eta Julen Lusar (bateria) musikariekin berregituratu du.

Azala eta lan berriaren kontzeptua iragarri dituzte:

Laukoteak hau dio diskoaz: "Iluntasunetik argitarantz gatoz esateko eta entzunak izateko. Azken urteetan euskal rock eta metal musikaren bakantzearen aurrean euskara hutseko proposamen hau egiteko beharra sentitu dugu. 90. hamarkadako korronteari segida eman eta oinordekotzaren katelana burutuz. Hori bai, eguneratutako soinu eta melodia hein batean lirikoagoekin, gure gizarteari autokritikaz eta barne gatazken kudeaketei konplexurik gabe abestuz".

Musikalki, kanta berrien zuzeneko bertsioarekin erakutsi duten moduan, proposamena gogortu dute. "Hostoak markarekin gelditu bagara ere, lan honetan Gamoraren metal geruza ezin nabarmenagoa da. Esan bezala, erritmoek, zortzi sokako kitarrek eta loop-ek, sintetizagailu eta samplerrek taldearen soinua guztiz eraldatzea ekarri dute", adierazi dute.

Hain zuzen ere, zazpi dira Lezoko Txerrimuño baserrian zuzenean grabatu zituzten abestiak. Zigor eta Lander Garro anaiak arduratu dira ikus-entzunezkoez, eta banaka ari dira plazaratzen.

Dagoeneko, zazpitik bost sareratu dituzte; azkena, aste honetan:

Hostoak - Maskara

Hostoak - Azken oztopoa

Hostoak - Geldo

Hostoak - Desazkundea (Iñaki Altolagirre Matxet)

Hostoak - Airean

Hurrengo kontzertuak