Iluntze - Antzinako Oihartzunak

Euskarazko black metalak itzaletan bizirik jarraitu arren, beste erritmo bat daramate talde gehienek. Musikari bakarreko proiektuei dagokienez, Nafarroan bada Iluntze izenekoa eta Synder ezizeneko pertsonak aurrera darama. Artisau baten pare trebatzen ari den musikaria da, ikasi ahala sormenari bide ematen ari dena. Antzinako Oihartzunak bigarren maketarekin hobera egin du. Batez ere, proposamena definitzerako orduan eta ekoizpenean. Black metal ilun, lauso eta zingiratsua du oinarri, Erdi Aroko musikarekin eta euskal folkarekin uztartuta. 

Hiru kantu eta bi instrumentalek osatzen dute bigarren erreferentzia. Abestietan egitura eta riff landuagoak nabari dira. Esan bezala, sortzeko gaitasuna lantzen ari denaren sentsazioa eragiten dute maketako doinuek. Itziarren Semea ilun eta pausatuak ematen dio hasiera. Erritmo aldaketek azkartu eta moteltzen dute, agerian utziz pasarte desberdinak elkartzea gustuko duela sortzaileak. Ildo berekoa da Suaren Garrasia, baina aipaturiko Erdi Aroko musikaren eragina nabari da, bosgarren minutu ingurutik aurrera. Horrela hasten da ere maketari izena ematen dion kantua, gerora nabarmen gogortzeko. Bi instrumentalak desberdinak dira. Giro atmosferiko eta zingiratsua du Goiztiri izenekoak, eta Leotzezko Isladaren Begirada Mendekua sintetizadoreekin egindako dark ambient abestia da. 

Iluntasunaren askotariko ertzak gustuko ditu Iluntze bandak. Gurean black metala jorratzen duten sortzaileen joera desberdinak hartzen ditu. Hala nola, Elffor bizkaitarren erritmo pausatu eta pasarte atmosferikoak eta Aiumeen Basoa, Nakkiga, Numen zein Sentimen Beltza taldeen black zein folk paganoa. Hau da, Eskandinaviatik datorren sustrai orokorrari gehitu dizkioten elementuak. Trebatzen, hobetzen eta aberasten jarraitzeko denbora du aurretik Synder nafarrak.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Dawn Of Murk.

Abesti zerrenda:

01. Itziarren Semea
02. Suaren Garrasia
03. Goiztiri
04. Antzinako Oihartzuna
05. Leotzezko Isladaren Begirada Mendekua

Hurrengo kontzertuak