
Bilboko In Loving Memory doom/death metal bandak jakinarazi du Jorge Araiz gitarrista zendu dela, minbiziak jota. Jatorrizko kideetako bat zen, 2005ean elkartu zirenetik. Agoyzen taldeko kidea ere izan zen. Horrekin batera, taldearen ibilbidea bukatutzat eman du geratu den kide bakarrak, Juanma Blancok.
Araizi hitz hauek eskaini dizkio Blancok: "Jorgek eta biok elkarrekin jo genuen duela ia 22 urte In Loving Memory proiektua hasi genuenetik. Elkarrekin jo dugu zuzenean, estudioan abestiak grabatu ditugu, musika asko konposatu dugu elkarrekin, barre asko egin dugu, baita bidaiatu ere, eta etapa hau modurik txarrenean bukatu da".

2022an The Withering hirugarren eta azken diskoa grabatu zuten lau kideetatik hiru musikari hil dira azken urteotan. Jose Txerra Gonzalez baxu jotzailea 2022an bertan, Alberto teklatu jotzailea iaz, eta berriki Jorge Araiz gitarrista. Gugan beude!
Hasieran aipatu moduan, In Loving Memory banda desegitea erabaki du Blancok, eta ohar bat plazaratu du horren berri emateko —osorik irakur daiteke haien sare sozialetan—. Euskarazko itzulpena irakur dezakezue segidan:
"Ia 22 urteko ibilbidearen ondoren, In Loving Memoryk amaiera eman dio bere jarduerari. Txerra eta Albertoren heriotzen ondoren, taldeak zailtasun handiekin jarraitu zuen, baina Jorgeren duela gutxiko galerak ni, Juanma, aurrera egiteko indarrik gabe utzi nau. Bi hamarkada hauetan zehar, taldeak hiru album, EP bat eta demo bat argitaratu zituen, kide guztien ahaleginari eta dedikazioari esker nortasun propioa eraikiz. Eskerrak eman nahi dizkiet nire kideei, zoritxarrez dagoeneko nirekin ez daudelako, urte hauetan guztietan proiektua lagundu duten jarraitzaile, lagun eta laguntzaileei. Kontzertuetako oroitzapenekin, musika sorkuntzarekin eta, batez ere, adiskidetasun partekatuarekin geratzen naiz. Etorkizunean berriro konposatzea baztertzen ez dudan arren, denbora behar dut galera horiek eragindako minari aurre egiteko".