Incursed - Amalur

Sormenaren loraldia argitalpen jarraituen bidez islatzea izan ohi da taldeen erronka nagusietako bat, disko arteko etenaldi luzeegietan ez zangotrabatzea. Incursed boskote bizkaitarrak iraupen luzeko lau lan eta hiru labur argitaratu ditu hamar urteko ibilbidean, tartean hainbat taldekideren joan-etorriari ere aurre eginez. Amalur da berriena, urteotan zehar garaturiko estiloa fintzeko baliatu duten hamabi kantuko bidaia epikoa.

Taldea osatzen duten musikariak jada ez dira hasiberriak eta esperientzia probestu dute orain arteko ekoizpen sendo eta aberatsenari forma emateko. Bizkaitarrek ezin hobe ezagutzen dute euren doinuak gogoangarri egiteko formula eta zuku guztia atera diote; ahots, gitarra eta teklatuen armoniak trebeziaz uztartu dituzte, tonalitate ezberdinen arteko bat-bateko jauziak natural bihurtu eta azken emaitzaren koherentzia zainduz.

Cryhavoc! eta Akelarre kantuak dira zentzu honetan nabarmendu beharrekoak. Hain zuzen, esan liteke azken honen bitartez bide berriak ireki dituztela taldearen musikagintzan, freskotasunaren erakusle hasierako riff zapaltzailea eta soloetan oinarrituriko amaierako pasartearen arteko aldea. Aldi berean, nabarmentzekoa da abeslari nagusi izatera igaro den Jon Koldo Teraren ahots garbiek inoiz ez bezalako garrantzia hartu dutela lan berrian, osagarri izatetik, proposamenaren bizkarrezur izatera igaro dira.

Luzea da kolaborazioen zerrenda ere, diskoan parte hartu dute, besteak beste, Aiumeen Basoa, Enkore edota Drakum taldeetako musikariek eta horrek erakusten du Incursed bost kideren batura baino gehiago dela.

Beherakada diskoaren erditik aurrera ailegatzen da, eskemak errepikatu eta hasierako dinamismoa apaldu egiten dute bizkaitarrek bertan, baina festarako ezin aproposagoa den Zombeer Alcoholocaust abestiak lortzen du entzunaldiari zirrara itzultzea. Ereserkiak sortzeko erraztasuna du Incursed bandak, eta dagoeneko zerrenda luzea dute zuzenekoei begira. Euskal Herriko zein nazioarteko mitologia eta folklorea ezaugarri bereizgarri hartuta, muturreko metala, folklorea eta mitologia euren musikan barneratu zituzten taldeen lekukoa hartu dute denbora laburrean. Urte luzez segi bezate bide berean, entzuleon gozamenerako.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena

Abesti zerrenda:

01. Lurramets (Intro)
02. Cryhavoc!
03. Psalm of the Accursed
04. Akelarre
05. The Awakening
06. Amalur
07. The Slavic Covenant
08. A Crownless King
09. The Hardest of Harvests
10. Zombeer Alcoholocaust
11. Brothers in Arms
12. Fear a' Bhàta (Bonus)

Entzun:

Hurrengo kontzertuak