2025/12/23

Ingelesaren bidetik

Euskal Herriak hiru hizkuntza ofizial ditu: euskara, gaztelania eta frantsesa. Beraz, hiztun horiek osatzen dute publiko potentziala. Orduan, gurean antolatzen diren metal jaialdi eta festa askok zergatik erabiltzen dute ingelesa izenetan eta esloganetan?

Ez da larria, baina bada esanguratsua. Era berean, ez da soilik gurean gertatzen den fenomenoa. Tokiko errealitateari duena baino garrantzia gutxiago emanez, antolatzen denari nazioarteko izaera emateko joera aspaldikoa da. Baita Euskal Herrian ere. 

Gogoan dituzue Gernika-Lumoko Metalway eta Bilboko KobetaSonik? 2000ko hamarkadan sortu, bina edizio antolatu eta desagertu ziren bi heavy metal jaialdi entzutetsuak izan ziren. Biek ingelesa erabili zuten izenean. Metalway 2005ean eta 2006an egin zuten, eta, KobetaSonik, 2008an eta 2009an. Ordutik, promotore potoloek ez dute tamaina bereko jaialdirik antolatu Euskal Herrian. Aldiz, Espainian horrelako festibalak ugaritu dira, ingelesaren presentzia nabarmenarekin.

Denboran aurrera egin behar da beste bi eredu topatzeko: Bilbao Ablaze Fest eta Durangoko Euskal Assault jaialdia. Muturreko metal klasiko eta modernoari eskainitako bi proposamen interesgarri izan ziren, sustatzaile apalagoekin. Bi hauek ere bina edizio izan zituzten. Lehena, 2013an eta 2014an antolatu zen, eta, bigarrena, 2015ean eta 2016an. Euskal Assault-ek euskarazko aurrizkia izan zuen arren, ingelesezko atzizkia jarri zioten.

Azken hamar urteotan, heavy metal jaialdien loraldia izan dugu Euskal Herrian. Gehienek, antzeko ezaugarriak dituzte: metal zaleek osaturiko elkarteak dira sustatzaileak, haien herria da topalekua, egun batekoak edo bikoak dira, eta ingelesa presente dute. Dimako Dimetal Fest jaialdia da aipatzen lehena, eta, akaso, salbuespena. 2015ean sortu zuten, eta hitz jolas bat erabili zuten izen moduan —2023an egin zuten azken aldiz—. Suhuskuneko Buru Beltz Fest —2016an antolatu zuten estreinakoz— eta Villabonako Hellbona ere antzeko kasuak izan daitezke –2020an egin zuten aurreneko aldiz—, infernu ingelesa nabarmendu arren. 

Aparteko aipamena merezi dute 2022an sorturiko Santurtziko Kabiezes auzoko Kabiefest eta Abadiñoko Koba Live jaialdiek. Bata, hitz jolasen eskolakoa da, eta, bestea, euskarazko aurrizkia eta ingelesezko atzizkia duena. Dena dela, biek ingelesezko eslogana erabiltzea erabaki dute: Bigger than ever eta Where metal comes true. Ildo beretik, deigarria izan da hasieratik ingelesezko izena izan duen Hendaiako Metal'O'Ween festa beteranoak ere hizkuntza bereko esloganaren alde egin izana 15. urteurrena ospatzeko —2010ean hasi ziren antolatzen—.

Joerak eta bitxikeriak

Gurean sortu, ingelesa barneratu eta bidea egin duten heavy metal jaialdien zein festen zerrenda askoz ere luzeagoa da. Bilboko Euskal Metalheads Fest, Donostia Prog-Tech Metal Fest, Gasteizko Diabolical Mayhem eta Iruñeko Festilence dira berrienetakoak. Aldiz, zaharrenen artean daude Donostialdeko Euskal Metal Fest eta Zombie jaialdia, besteak beste.

Eta euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko izena duten heavy metal jaialdirik edo festarik ez dago? Bai, noski, eta horietako bi bitxikeria moduan har genitzake. Izen euskalduna duen Donostiako Heavy Jaia da gurean antolatzen den festa beteranoena, eta gaztelaniazko izena duen Ermuako Vertigo Rock jaialdia da zaharrena –2007an sortu zuten—.

Horrela ere, joera zaharrak dira berri, eta ingelesa lehenestea da askok hartzen duten bidea. Hau da, fest hitza edo atzizkia erabiltzen jarraituko dute, festa edo fiesta beharrean. Bestalde, sortuko diren proposamen berriei begira, antolatzaileentzako ideia bat dugu. Open Air oraindik ez du inork erabili, eta aukera ona izan daiteke.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkiak: Metalway / Dimetal Fest / Euskal Metalheads Fest.

Hurrengo kontzertuak