Irkaia - Ideiekin Liskarretan

Eztabaidaezina da. Lizarrako Irkaia taldea da euskarazko metal alternatiboaren oraina. Erreferenteak atzean geratu zirenetik, gutxi batzuk sortu dira eta beste gutxi batzuk jarraitu dute. Boskotea amore ematear izan zen pandemiarengatik, baina, zorionez, ideia hori burutik kendu zuten. Itxialdia eta etena gaindituta, zaleei eta lagunei babesa eskatu zieten, eta baita jaso ere. Horri esker iritsi da Ideiekin Liskarretan bigarren diskoa.

Mundua zeharo aldatu da 2020ko martxotik hona. Irkaia bi hilabete lehenago hasi zen lan berria grabatzen, eta pandemiak harrapatu zituen. Askatasuna berreskuratzean lortu zuten hasitakoa bukatzea. Dena dela, aurreikuspen guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. 2020ko apirilean kaleratzea espero zuten diskoa, eta, azkenik, 2021eko udan aurkeztu zuten. Iruzkina, berriz, 2022a estreinatzearekin batera iritsi da.

Denbora gelditu izan balitz bezala bizi gara, eta Ideiekin Liskarretan diskoaz gauza bera esan genezake. Bi urte igaro dira grabatzen hasi zirenetik, eta zertxobait gutxiago denborarekin hamar piezak borobildu zituztenetik. Horrela ere, lanak freskotasuna du sarreratik azken kanturaino. 2017ko estreinako disko apartarekin alderatuta, soinua finagoa da, irisgarriagoa. Egitura landuagoetan eta letretan mantendu dute indarra.

Metala, hardcorea eta elektronika. Hiru osagai horiekin eraiki zuten Irkaia, eta izan duten bilakaerak berresten du oinarria. Lehen entzunaldian elektronika gutxiago antzeman daiteke, baina entzunaldiekin jabetuko gara erabilera dela aldatu dena. Ereserki sorta bat dute horren erakusgarri: Betirako biziko naiz, Korapiloa, Harrapaturik gaude eta Belaunaldi ederra. Hori bai, dantzagarriena eta onena da Besterik ez naiz.

Ideiak argiago ditu Irkaiak, liskarretan galtzeko modurik gabe. Proposamen zehatzagoa dute, eta, aldi berean, propioagoa, mugarik gabekoa: "Denbora bukatzen denean / bide berriak irekiz doaz / adimena esnatzen dugunean ohartzen gara / mugarik ez dugula".

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Betirako Biziko Naiz
03. Denetarik Ikusi Dut
04. Besterik Ez Naiz
05. Sasi-iraultzaileen Garaia
06. Korapiloa
07. Oroitzean
08. Harrapaturik Gaude
09. Belaunaldi Ederra
10. Abiadura Bizian

Hurrengo kontzertuak